Zarauzko eskaintza turistikoa aurkeztu dute Valentzian

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 27a, 17:05

Pasa den asteburuan Destinos Euskadi marka turistikoak bere eskaintza turistikoa aurkeztu zuen Valentzian. Bilbo, Donostia, Gasteiz, Hondarribia, Irun eta Zarautzek osatzen dute marka, eta gainontzeko herrietako ordezkariekin batera, Valentzian izan da Ixidor Larrañaga, Zarauzko Turismo zinegotzia.

Valentziarren artean Euskal Autonomia Erkidegoa bisitatzea "gero eta ohikoagoa" dela azaldu dute. 2018ko lehen bederatzi hilabeteetan inoiz baino valentziar gehiago jaso du EAEk. Guztira, 79.329 izan dira Valentziako bisitariak tarte horretan, aurreko urtean baino %5 gehiago.

Asteburuan izandako jardunaldietan, Destinos Euskadi marka turistikoaren eskutik hainbat elikagairen dastaketa egiteko aukera izan da: Arabar Errioxako ardoa, Txakolina, Idiazabalgo gazta... Horrez gain, harrijasotzaileak eta aizkolariak ere izan dira.

Destinos Euskadik gogorarazi du, Valentziako zezen plazan daukan egoitzan EAEko helmuga eta programazio turistikoei buruzko informazio guztia topatu daitekeela.