Zarautz, norabide guztiak

Dorleta Agiriano Lai 2018ko aza. 27a, 20:00

Herri barruan egiten diren joan-etorrien %72 motorrik gabeko garraio bidez egiten da. Oinezkoentzako guneetan, errepideetan zein bidegorrietan ematen dira gatazkak

Aspaldiko kontua dira ika-mikak Zarautzen, bizikletaz ibiltzen direnen, auto gidarien eta oinezkoen artean. Santa Klarako trenbide azpiko pasabide berriaren erabilerak eztabaida mahai gainean jarri du berriz, eta inkesta baten bidez, zarauztarren iritziak bildu nahi izan ditu HITZAk. 190 herritarrek erantzun dute webguneko inkesta.

Oinezkoen eta Ibilgailuen Zirkulazioari buruzko Udal Ordenantzak jasotzen duenez, "Zarauzko herritarrek herri barruan egin behar izaten dituzten joan-etorrien portzentaje handi bat (%72) motorrik gabeko garraio bidez egiten da". HITZAren inkesta erantzun dutenen artean ere joera nabarmena da; bizikleta erabiltzaileak dira gehienak. %86’8 dira bizikleta herrian sarri erabiltzen dutela adierazi dutenak.

Gune gatazkatsuak

Indarrean dagoen Udal Ordenantzako 14. artikuluaren arabera, oinezkoentzat lehenetsitako guneetan "patinetan eta bizikletetan ibiltzerik izango da [...] bizikleta eta patinek lehentasuna izango dute gainerako ibilgailuekiko, ez, ordea, oinezkoekiko". Dena den, zenbait herritarrek azaldu dutenez,gune batzuetan ohikoa da udaltzainek bizikletatik jaitsiaraztea.

Honako hauek dira oinezkoentzat lehenetsitako kale eta plazak, besteak beste: Kale Nagusia, Ipar, Santa Marina, Bixkonde, Bañeru, Geltoki, Munoa, Torre Luzea, Musika Plaza, Lege Zaharren Enparantza, Aritzbatalde edo Barren plaza. Trafiko mistoko oinezkoen kaleak ere badaude, hala nola, Zigordia (Salegitik), Ipar (Orapetik) edo Santa Marina (Iparretik).

Erantzuleen artean, bizikletan ibiltzeagatik oinezkoek noizbait atentzioa eman diotela esan dutenak %59’5 dira . Bestalde, erdiak baino gehiago, %55’3, izan dira bizikleta erabiltzaileek noizbait traba egin dietela onartu dutenak.

Gune gatazkatsuak identifikatzeko eskatzerako orduan, inkestaren erantzuleek oinezkoentzat lehenetsitako guneak zein bestelakoak aipatu dituzte. Gehien errepikatu direnak herri erdigunea (Kale Nagusia edo Zigordia), itsas pasealekua eta Santa Klarako pasagunea dira. Estuak diren espaloiek eta bizikletentzat bide berezirik ez duten guneek arazo asko eragiten dituztela nabarmendu dute zenbaitek, eta baita bidegorrietan, "oinezkoek errespetatzen ez dituztelako", zein errepideetan, "autoek ez baikaituzte errespetatzen", gatazkak ematen direla ere.

Beraz, gatazkak norabide anitzekoak dira, agente guztien artean, nahiz eta oinezkoen eta bizikleta erabiltzen dutenen artekoa eta auto gidarien eta bizikletan ibiltzen direnen arteko gatazkak nabarmendu daitezkeen.

Debekuak debeku

Inkesta erantzun dutenen artean,%72’1 dira oinezkoentzat lehenetsitako guneetan bizikletaz ibiltzea debekatzea begi onez ikusten ez dutenak. Izan ere, Zarauzko gune guztietan bidegorririk ez dagoela eta bizikletentzat aukera "urria" dela argudiatu dute batzuek, eta baita errepideak "seguruak ez direla" ere.
Zenbait herritarrek gogorarazi dute bizikletaren erabilera "zerbait berezkoa, ohikoa, naturala" dela Zarautzen; "zarauztar gehienak bizikletan ibiltzen gara beti".

Gatazkak egunerokotasunean presente daudela jakinik ere, ia inkestatuen hiru laurdenek egin diote muzin debekuari. "Debekuetan baino, elkarbizitzan eta errespetuan oinarritu behar genuke", dio batek, edo "nola ibiltzean dago kontua", beste batek.