Kaioei buruzko ikastaroa Arkamurka eta Aranzadiren eskutik

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 28a, 11:00

Pasa den asteburuan, azaroaren 23tik 25era, Aranzadik eta Arkamurka Natur Taldeak kaioen inguruko ikastaroa eman zuten, Euskal Kostako kaioen identifikazioa errazteko. 10 kaio ezberdin bereizi zituzten eta eraztundutako 100 kaio baino gehiagoren kodigoak irakurri ahal izan zituzten bertaratutakoek.

Holandako Mars eta Theo Muusse anaia holandarrek eskaini zuten ikastaroa, baita Asier Aldalurrek eta Gabriel Martinek ere. Eraztundutako kaioen kodigoak irakurrita, Europako beste lurraldeetatik Euskal Herrira negua pasatzera etorritako kaioen jatorria ezagutu ahal izan zuten parte hartzaileek; besteak beste, Lituanian, Hungarian, Danimarkan edo Alemanian eraztundutako kaioak ikusi zituzten.

Bestalde, antolatzaileek adierazi dutenez, urte berriari begira jarri dira jada, eta mundu osoko kaiozaleen topaketak, International Gull Meeting, Euskal Herrira ekartzeko asmoa dutela jakinarazi dute.