Greban daude La Salleko eta Antoniano ikastetxeko hainbat langile

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 28a, 12:50
Gaur Donostian egin dute manifestazioa. (utzitakoa)

2009az geroztik hitzarmena ez zaiela aldatu salatzen dute Kristau Eskoletako langileek, eta Zarautzen, La Salleko eta Antonianoko hainbat langilek egin dute bat deialdiarekin.

Zarauzko La Sallen, 60 langiletik 20k egin dute bat aste honetan deituta zegoen greba deialdiarekin, eta Antoniano ikastetxean, berriz, langile guztien erdiak, gutxi gorabehera. Izatez, lau egunetarako greba zegoen deituta, baina Zarauzko langileek bi egunetan egin dute bat; asteartean eta ostiralean Antonianokoek, eta ostegunean eta ostiralean La Sallekoek. Urrian ere egin zuten bat bi ikastetxe hauek Kristau Eskoletan deitutako protestekin, eta Zarauzko La Salleko langileen komiteko kide batek azaldu duenez, guztira, bederatzi izan dira urte osoan izan dituzten greba egunak.

Indarrean dagoen langileen hitzarmena 2009az geroztik ez dela aldatu salatu dute irakasleek; ia 10 urte igaro dira berritu gabe. 2011n hitzarmen estatala aplikatu zietela ere azaldu du komitekideak, baina epaiketak izan ostean, 2009ko hitzarmenera itzuli zirela. "Soldatetan %12ko galera daukagu, eta lan karga hazi egin da. Gainera, laguntza espezializatua eskaintzen duten langileak prekarizatuta daude".

Kristau Eskoletako langileen komunitatea 9.000 irakaslek osatzen dute EAEn, eta atzo manifestaziora deituta zeuden, Bilbon. Udaltzaingoaren datuen arabera, 5.000 herritar bildu ziren Bilboko kaleetan.