Zarauzko Triatloia 2019

2019ko Zarauzko Triatloiko parte hartzaileak, erabakita

Amaia Urbieta Arruti 2018ko aza. 28a, 18:21
Iban San Martin Kirol zinegotzia, Gorka Silban Zarauzko Triatloi Elkarteko presidentea eta Xabier Txurruka Alkatea, zozketan egokitutako zenbakiarekin. (Amaia Urbieta Arruti)

2.861 triatletak eman dute izena 2019ko Zarauzko Triatloian. Aurreko urtean baino 789 izen-emate gehiago izan dira aurtengoan, eta antolatzaileek azpimarratu dute %45 emakume gehiagok egin dutela inskripzioa. Zehazki, 262k.

Zozketa bidez erabaki dute izena eman duten 2.861 triatletetatik zeintzuk izango diren 2019ko Zarauzko Triatloian parte hartuko dutenak. Xabier Txurruka alkateak eta Iban San Martin Kirol zinegotziak ontzitik ateratako lau bolekin, 376 zenbakia osatu dute. Alegia, izena-eman dutenen zerrendan, 376.etik aurrerako 600 kirolariak izan dira zortedunak.

Guztira, 700 triatletek hartuko dute parte proban, eta zozketatik kanpo geratutako 100 dortsalak antolatzaileek banatuko dituzte, kupoak betetzeko. Horrez gain, iazko sailkapeneko lehen hamar triatletek gordeta izango dute dortsala, eta abenduaren 31 baino lehen eman beharko dute izena. Bestalde, aurtengo berrikuntza nagusienetakoa da azken hiru edizioetako sailkapen orokorreko lehen hogei triatletek ere ziurtatuta izango dutela inskripzioa, debalde, beti ere zozketaren aurretik egin beharreko aurreinskripzioa bete badute, beren izen-ematea baieztatzeko.

2018ko triatloian baino 789 izen-emate gehiago izan dira aurtengoan, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, emakumeen izen-ematea %45 hazi da.

Gaurko zozketan izendatuak izan diren kirolariek mezu bat jasoko dute, 150 euroko ordainketa egiteko argibideekin. Ordainketa abenduaren 2a baino lehenago egin beharko dute, izen-ematea ofiziala izan dadin. Itxaron zerrendan geratu diren 2.261 kirolariei, berriz, datozen egunetako berriei adi egoteko eskatu diete antolatzaileek.