Patxi Izagirre psikologoak hitzaldia eskainiko du Gabonez eta doluaz

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 29a, 13:25

'Gabonak dira eta etxean aulki huts bat dugu' izenburupean ariko da hizketan, abenduaren 14an. Hitzaldian aholkuak emango dizkie doluan dauden familiei, horiek Gabonei aurre egiteko tresnak eskuratu ditzaten. Zarautz Herri Zaintzailea elkarteak antolatu du hitzaldia.

Abendua badator, eta Gabonak ere gero eta gertuago daude. Doluaren gaia lantzen du Zarautz Herri Zaintzailea elkarteak, eta garai horretara zuzenduta, hitzaldi berezia antolatu du abenduaren 14rako. Patxi Izagirre psikologoak emango du hitzaldia, Gabonak dira eta etxean aulki huts bat dugu izenburupean.

Izagirre saiatuko da aholkuak ematen dolu garaian dauden familiei, horiek ahalik ondoen aurre egin diezaieten Gabonak bezalako garai zailei. Doluan espezializatua da Izagirre, eta esperientzia handia du arlo horretan.

Hitzaldia, esan bezala, abenduaren 14an izango da, Antoniano aretoan, 19:00etan hasita.