Gutuna: Konpostajeari eta hobariari buruz

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 29a, 13:35

Vista Alegre auzoko konpostagune taldea 2012. urtean sortu zen, eta hondakin organikoak landu eta konposta ekoizteaz arduratzen da, auzolanean. Taldeak egindako azkenengo bileran aipatutako kezka eta galderak argitaratu dituzte honako gutun honetan. Hona hemen gutuna osorik.

Vista Alegreko konpostagune taldearen gutuna

Vista Alegreko konpostagune taldea 2012. urtean sortu zen, eta auzolanean antolatzen gara. Azken urteotan Urola Kostako Udal Elkartean integraturik gaude. Urte hauetan Udal Elkartearekin izan dugun harremana beren ordezko Spora enpresako teknikarien bisitetara mugatu da; hasieran hilean behin, eta batzuetan, bi hilabetean behin. Hori horrela izanik, taldean egin genuen azken bileran aipatu genituen kezkak eta galderak azaldu nahi dizkizuegu.

Lehenik eta behin, gure harridura azaldu nahi dugu: Getaria, Orio, Zumaia eta Aian konpostagune taldeak ugaritu dira, eta Zarautzen 23.000 biztanle izanik, talde bakarra gara. Beraz, gure galdera hau da: Udal Elkarteak planik ba al du egoera hau zuzendu, bideratu eta suspertzeko? Horrela balitz, plan horren berri jakin nahi genuke. Udal Elkarteko taldeekin eta arduradunekin harremana izatea beharrezkoa eta aberasgarria izango litzatekeela uste dugu.

Bestalde, gure konpostaguneko jarduerak azaldu eta zehaztu nahi ditugu. Hamabi familiak erabiltzen ditugu konpostaguneko instalazioak, eta honako hau da gure jarduna:

  • Hondakin organikoak txikitu eta ontzietan sartu ondoren, estali eta hurrengo erabiltzaileantzat zuloa prestatu. Aurrez ekarpena pisatu eta kuadernoan jaso.
  • Hilero arduraduna txandakatuz, astean 2-3 aldiz ontzietako edukiak astindu eta txirbilez estali.
  • Beteta dauden ontzietako edukiak 9 hilabeteko prozesua amaitu bitartean, astean 2-3 aldiz astindu.
  • 9 hilabeteko prozesua amaitu ondoren, 2-3 egunez edukia zelaian zabaldu, eta lehortu ondoren, galbaetik pasa eta konpost emaitza zakuetan sartu. Emaitza hori ongarri bezala erabili daiteke baratzetan, lorategietan eta abarretan.
  • Tartean, parkean jasotako adar eta adaxkak bildu Udal Elkarteko langileek makinen bidez txirbil bihurtzeko.

Taldeko partaide guztien artean, urteko batezbeste 3.600 kilo hondakin organiko lantzen ditugu; hori da taldearen kontrolaren bidez kalkulatu duguna.

Beste atal bat zaborren zergan azaltzen den hobaria da. Orain talde guztiarentzat dugun hobaria soilik urtean 480 eurokoa da (40x12). Gure iritziz, Udal Elkarteak kontuan izan behar luke aurrez aipatutako lanak dohainik egiten ditugula, eta horri esker, elkarteak ez duela hondakin organiko kopuru hori jaso eta tratatu behar. Hau horrela izanik, uste dugu horren arabera kalkulatu behar dutela hobaria, zenbatekoa
handituz. Bide batez, pentsatzen dugu bankutik iristen diren agirietan zehazki azaldu beharko lituzketela hobariaren xehetasunak.