Nolakoa zinen txikitan?
Bihurri samarra, beti zokomiran. Horixe dauka baserrian jaiotzeak: bestelako abileziak garatzen dituzu astakeriatan jarduteko. Txikiparka zen gure baserria, eta ez nintzen irteten handik, eskolara eta arranpetara joateko ez bazen.
Skate zale amorratua zinen umetan. Nolatan hasi zinen surfean?
Karloxito Argiñanok berotu ninduen; hark sartu zidan barnean surfaren zomorroa. Probatzeko eta probatzeko esaten zidan, eta, halaxe, uda batean probatu nuen, eta kito! Lehen olatuan zutik jarri nintzen, gozatzen, eta, nire lehentasunak guztiz aldatu ziren momentu hartan. Segituan aparkatu nuen patina, eta gauza imajinaezina zen hori ordura arte. Izan ere, nik ez nuen izan nahi Kelly Slater; nik Tony Hawk izan nahi nuen.
Suziria bezala joan zinen gora.
Surfa 12 urterekin probatu nuen, eta buru-belarri nenbilen 13rekin. Segituan eman nituen aurrerapausoak, eta haiekin batera etorri ziren emaitzak. Urtebeteren gorabeheran, babesa ere etorri zitzaidan.
Hori da, hori, erraz hastea…
Beste garai batzuk ziren. Lehen, zerbait egitea nahikoa zen babesa lortzeko. Gaur, ikusten duzu talentu hutsa olatu gainean, emaitzak lortzen, eta ezin ikasketak egin edo ogibide duin bat aurrera atera.
Hala ere, laster ohartu zinen txapelketena ez zela zure alorra.
Hasieratik ikusi nuen erosoago sentitzen nintzela baldintzak pixka bat harroagoak edo gogorragoak zirenean. Jendea erosotasuna galtzen hasten zenean, benetan gozatzen hasten nintzen ni. Baina egia da asko zor diodala lehiaketen munduari, han garatu bainaiz teknikoki, han irabazi baitut sinesgarritasuna, eta babesak ere handik etorri baitzaizkit. Bide bat izan da: lehiaketetan hasi izan ez banintz, gaur egun ezingo nukeen bizi naizen bezala bizi.