'Ni, hi, hura... Ikastola mundura!' leloa izango du 2019ko Kilometroak jaiak

Onintza Lete Arrieta 2018ko aza. 30a, 20:11

Mezu sakona landu dute Salbatore Mitxelena Ikastolakoek datorren urteko Kilometroak jaiko lelotzat, eta ikuskizun borobila eskaini dute Aritzbatalde frontoian, logoa bera bezain borobila.

Aurkezpen ekitaldi berezia, desberdina, eskaini dute Salbatore Mitxelena Ikastolakoek datorren urteko Kilometroak jaia aurkezteko. Leloa eta logoa oso modu informal eta naturalean jakinarazi dituzte, antzerkia eta dantza erabiliz.

Ni, hi, hura... Ikastola mundura da leloa, eta logotipoan hiru borobil ageri dira, elkarri lotuta hainbat hariren bidez. Urdina da Ni, eta Zarautz irudikatzen du. Berdea, Hi, eta Ikastolaren baloreak biltzen ditu. Hura, berriz, etorkizuna da: more kolorekoa.

Mezu sakona helarazi diete ikusleei, baina aldi berean, modu freskoan, eta baita modu poetiko batean ere. Halaxe azpimarratu dute bertaratu direnetako batzuk: esaterako, Xabier Txurruka alkateak eta Zigor Saizar Orioko Ikastolako zuzendariak. Baita hainbat gurasok ere. Hunkituta azaldu dira ikuskizunarekin eta mezuarekin.

Artea nagusi

Aurkezpenak ez du aurkezlerik eduki, baizik eta hiru panpin erraldoi: Ni, Hi eta Hura. Haiek harira jo dute azkar-azkar, eta laster batean erakutsi dute logoa. Umorea eta jolasa izan dituzte nagusi hiru panpinek.

Zati poetikoagoak ere egon dira. Esaterako, Ikastolako komunitateak zuhaitza irudikatu duenean, elkar besarkatuz. Helduenak batu dira aurrena, haurrak haien inguruan, eta erdigunetik atera dira Kilometroen lekukoarekin bi ikasle txiki.

Amaiera, berriz, indartsua eta borobila izan da. Dantzan aritu dira hainbat estilo nahastuz: euskal dantza giroan haurdun dagoen emakume bat (Garazi Aranguren Goikoetxea Ikastolako irakaslea), eta funk estiloan gazte bat (Xenki Ameztoi Landa DBHko ikaslea). Haiei lagunduz, berriz, Jalgi dantza taldekoak. Txalo zaparrada jaso dute amaitu dutenean, eta pantailan Kilometroen leloa ikusi denean.

Eragile ugariren babesarekin

Ekitaldiaren hasieran bideo bat ikusteko aukera izan dute bertaratu direnek. Bertan herriko hainbat eragile agertu dira, mezu motz bat eskainiz Ikastolari. Besteak beste, pantailan agertu dira talde hauetako ordezkariak: Arkamurka, Saharautz, AEK, Garoa, Etxerat, Santa Marina eta Azken Portuko komisioak, Euskal Herrian Euskaraz, Zarautz Eskubaloia, Motxian bertso eskola, eta emakume korrikalariak.

Bestalde, informazio praktikoari ere egin diete bere tokitxoa. Esaterako, bihartik zabalik egongo da Kilometroen denda Zarautzen bertan, eta jada erabilgarri dago kilometroak.eus webgunea.

Ikastolen jaia antolatzeko boluntario aritzera animatu dituzte zarauztarrak, eta horretarako ere izen-ematea zabalik dagoela gogorarazi dute.

Ikusi hemen aurkezpen ekitaldiko ARGAZKI BILDUMA.