32 erakundek lortu dute Bai Euskarari Ziurtagiria Zarautzen

Zarauzko Hitza 2018ko abe. 2a, 11:28

Aurten 32 enpresa, saltoki eta entitatek jaso dute Bai Euskarari Ziurtagiria Zarautzen, "Zerbitzua eta lana euskaraz", "Zerbitzua euskaraz" edo "Bidean" mailarekin. Bestalde, elkarlanerako hitzarmena berritu dute Bai Euskarari elkarteak eta Zarauzko Udalak, hamahirugarrenez.

Zarauzko Udala eta Bai Euskarari elkartea 2005. urtean hasi ziren elkarlanean; urte horretan sinatu zuten herriko enpresa, saltoki eta bestelako entitateetan euskara sustatzeko hitzarmena. Ordundik, erakunde asko izan dira Bai Euskarari Ziurtagiria jaso eta urtez urte berritu dutenak. Ostiralean, azaroak 30, 2005. urtetik indarrean dagoen elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten berriz Rober Gutierrez Bai Euskarari elkarteko zuzendariak, Nekane Iribar Zarauzko Euskara zinegotziak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak. Aurten 32 erakundek lortu edo berritu dute Bai Euskarari Ziurtagiria, eta Zarazko Udalak 4.490,61 euroko ekarpen ekonomikoa egin du hauek laguntzeko.

Gutierrezek ostiraleko agerraldian azaldu zuenez, "gero eta handiagoa" da Bai Euskarari komunitatea, eta Bai Ziurtagiria "ziurtagiri bat baino askoz gehiago" dela nabarmendu zuen. Iribarren arabera, Zarautz "herri euskaldunetan handiena" da, eta "azken 20 urtetan biztanleria hazten joan den arren, euskaldunen ehunekoa mantendu da"; "horrek esan nahi du herritarren artean badagoela euskarari eusteko indarra, baina denok dakigu erabileran indar berezia egin behar dugula, eta horregatik behar ditugu horrelako ekimenak". "Euskarari bere lekua ematea" beharrezkotzat jo zuen Iribarrek.

Zarautzen aurten banatu diren 32 Ziurtagirietatik lauek "Zerbitzua eta lana euskaraz" maila eskuratu dute. 19 erakundek "zerbitzua euskaraz" maila lortu dute, eta bederatzik "Bidean" maila. Honako hauek dira aurten Ziurtagiria jaso dutenak: Amenabar, Andere Produktu Profesionalak, Asti Pinturak, Borda Ardoak, Chapucetti Diseinuak, Eguzki Taberna, Ekia Pentsioa, Ekolio Olio Birziklapena, Etxabe Confort, Euskadiko Halterofilia Elkargoa, Garrastazu Optika, Ur Kontsortzioa, Harrespil Hilerri eta Hileta Zerbitzuak, Hotel Restaurante Argiñano, Inmobiliaria Orio, Iruretagoiena Harategia - Kukulu, KSB Itur Spain, Laguntasuna, Laia Janari Denda, Lizardi Lanerako Arropa Denda, Martiarena Zapategia, Mendizabal Kinkila Denda, Orizar Burdindegia, Oteitza Lizeo Politeknikoa, Salbatore Mitxelena Ikastola, Solozabal Autoeskola, Talai Berri Txakolindegia, Tropela Informatika eta Euskara elkartea, Ulacia Bidaiak, Urola Kostako Hedabideak, Zarautz Hileta Zerbitzuak eta Zarauzko Industrialdea.