IRITZIA: Zer iruditu zaizkizu Kilometroen logoa eta leloa?

Onintza Lete Arrieta 2018ko abe. 4a, 14:38

Ostiralean gizarteratu zituzten 2019ko Kilometroen leloa eta logoa Aritzbatalde pilotalekuan. Salbatore Mitxelena Ikastolak ikuskizun berezia antolatu zuen, eta amaieran zenbait laguni bere iritzia eskatu zion HITZAk. Hemen lau lagunen erantzunak.

Zigor Saizar (Orioko Herri Ikastolako zuzendaria)

"Zoragarria iruditu zait ikuskizuna. Indar handikoa, logoak eta leloak ere ikaragarrizko indarra dute eta ikuskizunean transmititu diren baloreek bete-betean jotzen dute Ikastola zer den eta zer nahiko genukeen gizarteak ere ikastoletatik ulertzea".

"Bi aldiz egokitu zaizkit Kilometroak, zuzendari lanetan nintzela. 2004an Zarauzko Ikastolarekin batera Itsaso zahar, olatu berri egin genuen Salbatorek, Oriok eta orduan sortu zen Oteitza lizeoak. Orduan tokatu zitzaidan aurreneko aldiz. 2014an, berriz, Orion antolatu genuen Herria, txikota!, eta berriz ere tokatu zitzaidan. Datuekin dabiltzanek esango dute, baina uste dut, zorionez Gipuzkoan Ikastola asko dagoelako, ez dagoela beste zuzendaririk bi aldiz tokatu zaionik Kilometroetan egotea".

"Aholkurik Zarauzko Ikastolakoei? Bada, alde batetik, urte hau ondo aprobetxatu dezatela Ikastola bera kohesionatzeko. Kilometro urtea oso urte polita izaten da Ikastola barruan dauden guraso, irakasle, langile, ikasle, ikasle ohiak eta Ikastolatik pasa den komunitate hori guztia batzeko eta kohesionatzeko. Eta hori oso polita da eta oso garrantzitsua da, Ikastola indartua ateratzen delako. Urte honetaz gozatzeko ere esango nieke, ez bakarrik ikustea lanaren zama eta sartu beharreko orduak".

"Bi alabek Salbatoren ikasi dute, baina amaitu dute etapa hori, eta kanpotik biziko ditut 2019ko Kilometroak. Hala ere, gustatuko litzaidake egunean bertan boluntario aritzea, eta emango dut izena behar duten horretan laguntzeko".

Miren Ros Aiartzaguena (gurasoa)

Eibartarra da eta orain bost urtetik bizi da Zarautzen. Aurreneko Kilometroak izango dira beretzat. Poz-pozik da, parte hartzeko desiatzen. 

"Logoa eta leloa oso-oso politak iruditu zaizkit, eta atzetik mezu potentea duela iruditu zait. Ikuskizuna asko gustatu zait. Panpinen kontuarekin pixka bat nahastuta gelditu naiz, baina dantza saioa-eta asko gustatu zaizkit. Dantzarekin asko hunkitu naiz, haurdun zegoen dantzaria laguna dudalako. Hunkituta nago. Mezua, orokorrean, asko gustatu zait".

"Lan eta lan egitea tokatuko zaigu Kilometroetan, eta ahal dena aportatzen ariko gara, gauza garrantzitsua dela uste dudalako. Guraso guztien parte hartzea ezinbestekoa da, eta gainera gustoz egiten dudan zerbait da; Ikastola bihotzean daramat eta beraz, ez da ezer kostatzen".

Xabier Txurruka (alkatea)

 

"Aurkezpena asko gustatu zait: oso landua izan da, sakontasuna bazuela uste dut, oso poetikoa ere izan da, eta metafora askorekin, pentsatu beharrekoak. Denborarekin ikusteko ikuskizuna iruditu zait. Distantzian ere, gustatuko litzaidake irakurtzea hor esan diren guztiak. Ikusgarria izan da, baina era berean, sakona eta poetikoa".

"Logoa eta leloa ere gustatu zaizkit. Iruditzen zait ikaragarrizko saltoa eman dela diseinu aldetik, ikuskizuna pentsatzeko garaian ere bai... Esan da era baten azken Kilometroak izango direla, baina niretzat aro berriko Kilometroak bizitzen ari gara. Zoriondu nahi ditut ekitaldi hau pentsatzen eta lantzen aritu direnak, batez ere sortzaileak, azpimarratzekoa delako egin dutena".

"Aurreneko bilerak egin ditugu Kilometroen batzordearekin, eta guk gure prestutasun osoa eskaini dugu udal bezala, badakigulako zenbateko lana den hori guztia antolatzea eta ez delako egun bateko gauza. Urte osoan egin behar da lana, eta udala laguntzeko prest egongo da, aurreko bi Kilometroetan bezalaxe".

Onditz Alberdi Lizasola (gurasoa)

Guraso izateaz gain, Ikatolako jangelako begiralea da. Alabak parte hartu zuen aurkezpen ekitaldian, baina ez zien ezer kontatu, dena sekretupean zegoelako.

"Leloa polita iruditu zait. Aukera izan genuen proposamen batzuen artean aukeratzeko, eta hau polita da. Ikuskizuna ere polita, desberdina. Oso artistikoa iruditu zait. Arina eta polita. Asko gustatu zait".

"Ikastolako guraso izanda, uste dut Kilometroak garrantzitsuak direla Ikastolarentzat beharrezkoak diren obra batzuk egiteko. Lan dezente egin beharko dugula iruditzen zait: senarra Ibilbideko lantaldean dago, eta ni arroparen lantaldean. Dena dela, ilusioarekin egingo dugu lana".