Salberdin eta Errotaberri industrialdeko kale berrien izenak proposatzeko prozesu parte hartzailea egingo du udalak

Zarauzko Hitza 2018ko abe. 4a, 18:52
Salberdin gunearen ingurua.

Abenduaren 10ean, datorren astelehenean, Udalbatza aretoan lehen bilera egingo dute gaia kokatu eta prozesuaren nondik norakoak zehazteko.

Zarauzko Udalak Salberdinen eta Errotaberri industiagunean sortuko diren kale berrien izenak proposatzeko parte hartze prozesua deitu du. Alde batetik, Salberdinen etxebizitzak eraikitzeko eta gunea berrantolatzeko lanei ekin dio; izan ere, eremu horretan hainbat kale, bide publiko eta plaza berri sortuko dira, eta izendapen berriak egin beharko dira. Beste aldetik, Errotaberri industrialdea eraberritzeko lanetan ari direla eta, gune horretan ere hiru kale berri eratuko dira.

Salberdinen, guztira, lau plaza, oinezko kale bat eta parke bat izendatu beharko dira, eta Errotaberrin, lau kale berri. azken gune honetan kale bat desagertuko da eta, beraz, honen izena bertan behera uztea ere aurreikusten dute.

Herritarrentzako partaidetza prozesua abenduaren 10ean jarriko da abian eta abenduaren 30era bitartean luzatuko da. Prozesuaren nondik norakoak azaltzeko, abenduaren 10ean, 19:00etan, lehen bilera irekia deitu du udalak, Udalbatza aretoan. Proposamenak egiteko, beharrezkoa izango da Zarautzen erroldatuta egotea eta 16 urte baino gehiago izatea. Horrez gain, herritarrek proposatutako izenek ondoko ezaugarriekin zerikusi izan beharko dute: jatorriz guneak duen erabilerarekin edo izaerarekin (zelaia, erreka, garbitegia...) edo aurrez bertan zegoen elementuaren izenarekin (baserria, zuhaitza...). "Parekidetasuna lantzeko asmoz, emakumeen izenekin bereizketa positiboa sustatuko da", azaldu du Nekane Iribarrek, Kultura zinegotziak.

Proposamenak posta elektronikoz bidali beharko dira kaleizendegia@zarautz.eus helbidera edo idatziz aurkeztu, Herritarren Arreta Zerbitzuan (Kale Nagusia, 29). Prozesuko material guztia (planoak, eranskinak eta txostenak) ere eskuragarri izango da Zarauzko Udaleko web orrialdean.