EH Bilduk salatu du TAO zerbitzua enpresa konkretu bati "zuzenean eta irregularki" esleitu diola udalak

Zarauzko Hitza 2018ko abe. 5a, 14:59
Mikel Goenaga eta Karmele Alberdi, TAO makina bat erdian dutela. (EH Bildu Zarautz)

Udalak egungo TAO zerbitzua eskaintzen duen enpresari "kontratuaren luzapen mugagabea modu irregularrean" egin diola salatu du EH Bilduk.

EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak 2016ko urtarrilean onartu zituen ibilgailuen aparkamendua esleitzeko baldntzak, ondoren, deialdi publikoa egiteko, baina EH Bildu koalizioak salatu duenez, "lizitazio hari errekurtsoa jarri zitzaion eta bertan behera gelditu zen".

Ondorioz, ordura arte martxan zegoen enpresak zerbitzua ematen jarraitu duela azaldu du Bilduk, eta TAO zerbitzua bi urtez lehiaketa publikorik egin gabe eskaini duela.

"EH Bilduk jakin badaki gobernatzea zer den eta ulertu genitzake lanketa horretan izan daitezkeen gorabeherak edo atzerapen logikoak, baina zerbitzu honekin gertatutakoak muga guztiak gainditzen ditu", adierazi du Mikel Goenaga bozeramaileak. TAO zerbitzuaren kontratuaren egoera 2017ko uztailean salatu zuten lehen aldiz. Gaur, "egoerak berdin jarraitzen duela" salatu nahi dute. 

TAO zerbitzuaren esleipenak denbora horretan egin gabe egotearen ondorioz, "2.163.337 euro enpresa horri modu irregularrean eman dizkio udalak". "EH Bilduk oso larritzat jotzen du gobernuak gai honetan izan duen arduragabekeria eta utzikeria. Azken urteetan, gaur egun zerbitzua ematen duen enpresari kontratua luzatu dio EAJk modu irregularrean, alkateak kontratu mugagabe bat sinatzeraino. Hasiera batean aitzakia izan zen epe motzean beste inork ezin zuela zerbitzu hori eman". Lehen hilabeteak igaro ondoren aitzakia hori "indargabetua" gelditu zen koalizioaren ustez, eta ematen ari diren zerbitzuarentzat "ez dagoelako eragozpenik gaitasuna duten beste hainbat enpresek lan bera egin dezaten".

Amaitzeko, koalizioak azaldu du zerbitzuaren ezaugarriak aldatu dituztela "kontratu irregularretan oinarrituta: TAO eremu gehiago zabaldu dituzte, neguko zerbitzua areagotu dute eta ekipamendu berrietan dirua gastatu dute".