Zarauzko sortzaileak ere, Durangoko Azokan

Zarauzko Hitza 2018ko abe. 6a, 08:00
Igandera bitartean izango da Durangoko Azoka. (aiaraldea.eus)

Atzo zabaldu zituen ateak Durangoko euskal disko eta literatura azokak. Igandera bitartean, milaka herritarrek bisitatuko dute, eta Zarauzko sortzaileen lanak ere bertan izango dira.

Ohi bezala, Euskal Herriko ikasleek zabaldu dituzte Durangoko Azokako ateak. Atzo izan zen hori, eta gaurtik igandera bitartean, milaka herritar bertaratuko dira disko eta literatura azokara. Zarauzko sortzaile askoren lanak ere hantxe izango dira.

Hainbat zarauztar izango da postuetan, lanak sinatzen: Modus Operandi musika taldea gaur, bihar eta igandean izango da, egun osoz, Baga Bigaren postuan; gaur Joseba Permach 15:30ean izango da UEUren postuan, Esku ikusezinaren itzal luzea. Ekonomialarien erretorikaren kritika lana sinatzen; eta bihar Xabier Etxeberria Elkarren postuan egongo da 18:30ean, Berriro itzuliko balitz liburuarekin.

Telmo Esnal zarauztarrak zuzendutako Dantza filmaren aurrestrenaldia, berriz, atzo izan zen, irudienean. Leku berean, Lou dokumentala aurkeztuko dute Usua Garin, Izotz Barrio eta Andrea Lopetegik, igandean, 14:00etan. Oier Aranzabalen Margolaria filma ere Irudienean emango dute, igandean 11:00etan. Anestesiak ere kontzertua eskainiko du Plateruenan, duela 25 urte sortutako Gorrotoaren ahotsa diskoa gogoan.