Errefuxiatuei laguntzeko bigarren eskuko azoka irekiko dute abenduaren 15ean

Zarauzko Hitza 2018ko abe. 7a, 13:24
Herritarrak ari dira elkarteari era guztietako objektuak ematen azoka solidariorako (Onintza Lete Arrieta)

Hotz Zarautz elkartea hasi da materiala biltzen Kale Nagusian duen lokalean, abenduaren 15etik aurrera horiek salgai jartzeko "Gabonetako elkartasun azoka" horretan. Abenduaren 14ra bitartean jasoko dituzte herritarrek soberan dituzten altzari txiki, ispilu, margolan, ontziteria, arropa vintage eta abarrak.

Hotz Zarautz elkarteak herritarrei dei egin die errefutxiatuen aldeko ekimenean parte hartzera. Horretarako, nahikoa da etxeko armairuan edo ganbaran soberan eta egoera onean dagoen objektu hori hartu, eta elkarteari ematea. Kale Nagusiko 30.ean dute lokala, eta zabalik egongo da astelehenetik larunbatera, goizez 10:30etik 13:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara.

"Gabonetako elkartasun azoka" antolatzea da elkartearen asmoa, eta liburuak kenduta, bestelako objektu guztiak jarriko ditu salgai abenduaren 15etik aurrera: altzari txikiak eta apaingarriak; ontziteria eta beirateria; oherako nahiz mahairako oihalak; objektu bitxiak; margolanak eta ispiluak; lanparak; vintage arropa; eta osagarriak.

Elkarteko arduradunek ohartarazi dute materialak egoera onean egon behar duela, eta garbi. "Garrantzitsua da saltzeko emango dugun hura egoera onean egotea, eta garbiketa edo konponketarik behar ez izatea".

Lokala erdi beteta dute dagoeneko, eta objektu askori prezioa ere jarri diete. Zarauzko elkartea lan eta lan ari da gutxien dutenei laguntzeko. Esaterako, orain gutxi arropa bilketa eta txokolate jan solidarioa bultzatu zituen herrian.