Datorren urterako talde berria osatu du Eulenek

Zarauzko Hitza 2018ko abe. 7a, 19:00
Hona hemen datorren urtean Eulen taldean arituko diren zenbait txirrindulari. (Jira-Bira)

14 taldekide izango dira 2019. urtean, aurten baino bi gehiago, baina azken bi fitxaketak ez dituzte jakinarazi oraindik. Essor Basque txapelketan emango diote hasiera denboraldi berriari, Pirineo atlantiarretan.

Irailean amaitu zuen denboraldia Eulen txirrindularitza taldeak. Lehendakari txapelketako Oñatiko saioa izan zen azkena; eta Eulen taldeko Albert Muela izan zen lehiaketako irabazlea. Beste lorpen batzuk ere egin zituen taldeak aurreko denboraldian; esate baterako, Euskaldun txapelketan eskuratutako bigarren eta hirugarren postuak, Santiago Mesa taldekideak Gernikako saioan erdietsitako garaipena edota Landeseko tourrean erlojupeko lasterketan taldeka lortutako hiru garaipenak.

Orain 2019. urteari heldu dio taldeak. Bi txirrindularik Eulen utzi dute, hain zuzen ere, Gorka Etxabek eta Albert Muelak. Dena den, kide gazteagoak proiektura batzeko apustua egin dute Eulenetik, sei jubenil fitxatuz. Honela, 14 kidek osatuko dute Eulen txirrindularitza taldea; iaz baino bi gehiago izango dira, nahiz eta oraindik azken bi fitxaketak ez dituzten jakinarazi.

Momentuz, ondorengo 12 txirrindulariek osatuko dute Eulen taldea datorren denboraldian:

  • Aritz Kortaberria (Antzuola, 1997)
  • Euken Gallego (Donostia, 1997)
  • Mikel Sarasola (Donostia, 1997)
  • Santiago Mesa (Kolonbia, 1997)
  • Mikel Jaka (Lezaun, 1998)
  • Jokin Sarasola (Donostia, 1999)
  • Haritz Erasun (Zarautz, 2000)
  • Gaizka Gurrutxaga (Aizarnazabal, 2000)
  • Joseba Lopez (Gasteiz, 2000)
  • Asier Azkarate (Arrasate, 2000)
  • Jon Ibarluzea (Elgoibar, 2000)

Egutegi berria

Iaz bezala, estatu frantsesean zein espainiarrean izango dituzte lasterketak datorren urtean. Estatu frantsesean ekingo diote denboraldi berriari, Pirineo atlantiarretan jokatzen duten Essor Basque txapelketan. Jarraian, Bidasoako itzulia eta Nafarroako itzulia izango dira, eta gero, Piemonteko tourra, Landeseko tourra eta Espainiako kopako hiru probak. Bestalde, 2019. urtean Eulen taldeko kideek erabiliko duten bizikleta ere berritu du Jira-Bira txirrindularitza klubak: Giant TCR Advanced Pro 1 modeloarekin arituko dira.