Hiru ekintza egingo dituzte datorren astean Zarauzko pentsiodunek

Zarauzko Hitza 2018ko abe. 9a, 16:00

Batetik, bihar asteleheneroko mobilizazioa egingo dute eguerdian. Bestetik, emakume pentsiodunei buruzko hitzaldia antolatu dute astearterako. Hirugarrenik, larunbatean Donostian egingo den manifestazioan parte hartuko dute.

"11 hilabete dagoeneko kalean, astelehenero, pentsio publiko duinen alde". Horrela hasten da herriko kaleetan banatzen ari diren eskuorriko testua. "Gure mobilizazioei esker zenbait egoera mugiarazi dugu, baina gaur egun oso eskasak dira Madril, Gasteiz edo Iruñatik egiten dizkiguten eskaintzak".

"2018 eta 2019rako KPIa ziurtatzen digute, baina 2020an berriro %0,25eko igoerara itzul gaitezke", diote testuan. Argi dute zein den helburua: "Etorkizuneko bermea, pentsio publiko duinen alde borrokatzean datza: pentsio guztien birbalorizazio automatikoa eta betirako; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa; eta 2011-2013 artean ezarritako erreformak eta sostengarritasun faktorea ezabatzea", besteak beste.

Zarautzen hiru hitzordu dituzte zehaztuta datorren asterako.

Hitzorduak

-Abenduak 10, astelehena. Asteroko mobilizazioa Lege Zaharren enparantzan, 12:00etan.

-Abenduak 11, asteartea. Hitzaldia: Pentsioekin bakarrik ez ditugu emakumeon arazoak konpontzen izenburupean. Isabel Otxoaren eskutik (EHUko Lan eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakaslea). 19:00etan, Antoniano aretoan. Hona, UROLA KOSTAKO HITZAk Otxoari egindako elkarrizketa.

-Abenduak 15, larunbata. Pentsio duinen aldeko manifestazioak Hegoaldeko hiriburuetan. Donostian, 16:30ean Alderdi Ederrean.