Koloretako ostadarren magoa

Amaia Urbieta Arruti 2018ko abe. 11a, 08:00
Jada Ikastolara joaten ez den arren, bertako haurrek bazuten 'Mendi'ren berri. (Amaia Urbieta Arruti)

Juan Luis Mendizabal Mendi margolaria omendu dute Salbatore Mitxelena Ikastolako haurrek. Kantuz betetako ekitalda eskaini zioten Ikastolako kideek, Porrotxek eta Marimototsek.

Astelehen goizez egin zioten omenaldia Juan Luis Mendizabal Mendi margolariari Salbatore Mitxelena Ikastolan. Ez da kasualitatea, izan ere, astelehen goizez bisitatzen zituen ikastolako haurrak berak. «Atetik sartzen zinenean pozez saltoka hasten ginen guztiok» azaldu dio Ikastolako ikasle ohi batek.

Astelehenero-astelehenero margotzen erakusten zien Mendik ikastolako haurrei. Batzuetan klasean geratzen ziren haren azalpenak entzuten, eta besteetan kalera ateratzen ziren, inspirazio bila. Gaur 91 urte ditu Mendik eta jada ez ditu haurrak bisitatzen, baina omenaldi beroa eskaini zioten hainbat lagunek atzo goizean. Ikastolako patio estalia bere margolanekin apainduta, Mendik atea gurutzatu zuenerako Ikastolako haurrak hari ongi etorria egiteko prest ziren, lurrean jarrita.

Ikastolako ikasle ohiak bertan izan ziren, baita Porrotx eta Marimotots ere. Opariz beteta itzuli zen Mendi etxera. Ikasle ohiek eskerrak eman zizkioten emandako guztiagatik, eta Belen Muruak, Ikastolako zuzendariak ere esker hitzak izan zituen beretzat.  Jurgi Olaizolak, berriz, berak marraztutako Mendiren erretratua oparitu zion.

Porrotx eta Marimotots aritu ziren omenaldia girotzen, eta aurrean zituzten haurrek aho zabalik entzun zituzten haiek esandakoak. Beraiek ere nahi izan zioten oparitxoa egin Mendiri, eta egurrezko oroigarri bat eman zioten. Kantuz betetako omenaldia ere izan zen atzokoa. Josu Txapartegi Txapasen soinuaren laguntzaz, Mendirentzat Pirritx, Porrotx eta Marimototsek egindako abestia eta beste hainbat abestu zituzten Ikastolako Haur Hezkuntzako ikasleek, eta bertaratutako ikasle ohiek. Aurreskua ere egin zioten, eta jasotako opari guzti horien trukean, Mendik ere oparitxoa utzi zuen ikastolan. Paper zuri batean, marrazki bat egin zuen omenaldian bertan.

Hitzik gabe

Margolariak pare bat aldiz hartu zuen hitza omenaldian zehar, baina amaitutakoan azaldu zuenez, «zer esan ez zekiela» geratu zen halako harrera beroa nabaritu zuenean. Mendirekin aritu zirenak ez dira haur jadanik, baina oroitzapen ugari ekarri dizkio haurren aurrean jarri den momentu horrek. «Asko hunkitzen nau beste belaunaldi bati zerbait utzi diodala jakiteak».

Gogoan ditu astelehen haiek Mendik. Haurrek nola marrazten zuten begiratzen zuen, eta «bultzadatxo bat» ematen ahalegintzen zen xehetasun txikien bidez. «Iniziatiba hautsi ez zedin kontuz ibiltzen nintzen, nire lana laguntzea bakarrik zen».

Txikia zela hasi zen Mendi margotzen,eta gaur arte eutsi dio bere pasioari. Arantxa Urbe irakasleak «koloretako ostadarrak margotzen dituen magoa» bezala definitu du, eta hala da ikastolako haurrentzat ere, bere pasioa transmititzen jakin duelako.

Ikusi omenaldiko argazki bilduma