"Asko harritu nau QS-an dagoen maila altuak"

Onintza Lete Arrieta/Erlo Telebista 2018ko abe. 12a, 17:00
Ruben Vitoria. (Gorka Eizagirre)

Aurreneko denboraldia egin du QS mailan surflari zarauztarrak, eta Tenerife Pro txapelketa irabazi zuen ezustean. Pozik dago lortutako emaitzekin, baina etengabe hobetzea du helburu.

Hemeretzi urte ditu Ruben Vitoria zarauztarrak, eta bizitzan gustukoena duen gauza da surfa. Aurreneko urtea egin du QS mailan, eta balorazioa eta aurrera begirako asmoak kontatu dizkio Erlo Telebistari, hondartzan egin duten elkarrizketan.  

Zer moduz joan da aurtengo denboraldia?

Urtea ezin hobeto hasi zen. Aurreneko proba Israelen izan nuen, eta urteko bigarren emaitza onena izan zen. Jarraian Tenerifen aritu nintzen, eta bizitzako emaitza onena lortu nuen han: munduko zirkuituko proba bat irabazi nuen. Ez nuen espero ez urtea horrela hasterik, ezta halako emaitza bat lortzerik ere. Gero, egia esan, ezin izan nion maila horri eutsi. Hala ere, oso gustura amaitu dut eta helburu guztiak bete ditut.

Zein ziren helburu horiek?

Helburu asko nituen. Horietako bat zen sailkapenean munduko 125 onenen artean gelditzea, eta hori bete dut. Horrez gain, lehiaketetako manga bakoitzean gutxi gorabehera 12 puntu egin nahi nituen. Hori lortzea zaila zen, eta ez da nahi bezala atera, baina bai uste nuena baino hobeto.  

Zehazki zenbatgarren postuan gelditu zara?

Une honetan 125. postuan nago.

Horrek zer esan nahi du? Hurrengo urtean zein mailatan ariko zara?

QSan maila desberdinetako txapelketak jokatzen dira, eta batzuetara sartzeko ranking bat behar duzu, mugatuak direlako. Horregatik nahi nuen 125 horietan sartu, 6.000 puntuko txapelketetan eta txapelketa handietan lehiatu ahal izateko.

Tenerife Pro irabazi duzula esan duzu. Nola bizi izan zenuen garaipen hori?

Urtea hasi aurretik ezin nuen imajinatu ere egin halako emaitzarik, eta gutxiago hala lortzerik. Egunero olatu oso onak izan genituen, eta ni oso ondo sentitzen nintzen neure buruarekin. Lagunartean nengoen, oso eroso, eta egunez egun konfiantza irabazten joan nintzen. Azken egunean oso urduri nengoen, aitortzen dut, baina konfiantza askorekin. Finalean munduko onenetariko baten kontra aritu behar nuen, Jorgann Couzinet frantsesaren aurka, eta banekien gauzak oso-oso ongi egin beharko nituela.

Eta baita egin ere.

Bai. Gainera, finalaurrekoan oso emaitza ona egin zuen. Horregatik, garbi neukan egin beharreko lana. Finalean bost minututan sekulako notak atera zituen; bi olatu bikain hartu zituen. Baina oso lasai nengoen, banekielako horixe egingo zuela. Eta banekien olatua hartzen banuen ondo surfeatuko nuela eta neure puntuazioa lortuko nuela. Zortea izan nuen olatuak etorri zirelako eta finalari buelta ematea izan nuelako.
Couzinet aipatu duzu.

Nola ikusten duzu QS maila eta surf egiteko modua? Esaterako, aereo pila bat ikusten da orain.

Aurreneko urtea izan dut QS mailan, eta asko harritu nau horko maila altuak: surflari on asko dago. Asko ez dituzu ezagutzen, eta oso onak dira. Ez duzu espero halako maila aurkitzerik. Denboraldi berrian ere maila izugarria egongo dela pentsatzen dut. Gero, egia esan, olatu mota asko daude, eta olatuaren arabera batzuk hobeto moldatzen dira eta besteak okerrago. Tokiaren arabera, maniobra mota bat gehiago egingo duzu beste bat baino. Adibidez, Brasilera bazoaz, argi eduki behar duzu aereo pila bat egongo direla. Hawaiira bazoaz, berriz, surfa oso desberdina da, olatuak indartsuagoak direlako. Horregatik, argi eduki behar duzu txapelketa bakoitzean epaileek zer nahi duten zuk egitea.   

Aurrera begira zein helburu dituzu?

Nire helburu nagusia da surfetik bizitzea, surfaz gozatzea eta ahalik eta karrera luzeena edukitzea surflari profesional gisa. Epe laburrera begira, berriz, nahiko nuke datorren urtean QS mailan emaitza oso onak lortu eta aurtengoa hobetzea. Pixkanaka, baina beti hobetzen joatea gustatuko litzaidake, eta emaitzak ere hobetzea.

Olatu handietan ere ibili zara Portugalen, Nazare-n. Nolako esperientzia izan da?

Betidanik gustatu izan zaizkit olatu handiak, eta hemen sekulako zortea dugu, hemen ondoan Zumaia eta Getaria artean badaukagulako olatu hori. Izugarrizko olatuak daude eta sekulako saioak egin ditugu bertan. Gazte hasi nintzen pixkanaka olatu handietan surfean, eta neguan zorte handia izan nuen, Axi Muniainekin Nazare-ra joatea eduki bainuen. Ikustera bakarrik joan nintzen berez, ikastera. 20 metroko olatuak zeuden, eta argi neukan ez nuela surf egingo. Baina bada ez bada eraman nituen jantzia eta taula, ondoan olatu txikiagoak daudelako.  

Eta ondo etorri zitzaizkizun, ezta?

Bai. Axirekin joan ginen eta ikusi genuen nola prestatzen ziren portuan, zer tentsio bizitzen den, eta lehen egunean ikusi bakarrik egin nuen. Bigarren egunean olatuak txikitzen ari ziren, eta momentu batean walkie-tik esan zidaten beraiek amaitu zutela, kanpora zetozela eta ea nahi nuen pare bat olatu hartu eta motoarekin bueltatzea. Une hartan bihotza taupada bizian hasi zitzaidan, baina ez nuen zalantzarik egin eta baietz esan nien.

Aurreneko aldia zenuen?

Bai, baina oso lasai sentitu nintzen, Axik konfiantza handia eman zidalako, eta olatua ere ondo aukeratu genuelako. Olatu errazak behar genituen, eta atzetik beste olaturik gabe. Hiruzpalau hartu nituen eta oso esperientzia ona izan zen, olatua hartzen nuen bakoitzean segituan ondoan neukalako motorra. Ez nuen batere arazorik eduki. Sekulako esperientzia izan zen eta ez genuen ezbeharrik izan. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiot Axiri, esperientzia hori izan delako munduko onenetariko bat niretzat.

Nola entrenatzen zara?

Julen Lasarekin entrenatzen dut, eta berak antolatzen dit guztia: urteko egutegia zehazten du, eta urteko sasoiaren eta momentuaren arabera, entrenamendu bat edo beste prestatzen dit. Aurredenboraldi sasoian, adibidez, gimnasioko lan asko egiten dugu, eta surfean ere ordu asko aritzen gara. Denboraldian zehar, berriz, surfean aritzen gara batik bat, eta garrantzia ematen diogu geure buruarekin ondo sentitzeari.

Baduzu babeslerik?

Aurten asko bidaiatu dut, eta ikusi dut tour hau egitea diru asko kostatzen dela. Gobernutik badaude laguntza txiki batzuk, baina marka pribatuek ez didate dirurik ematen, ez daukat babeslerik. Materialari dagokionez bai, Pukasek ematen dizkit taulak.