Herrigintzan ekarpenak egiteko eskua luzatu die udalak gazteei

Amaia Urbieta Arruti 2018ko abe. 14a, 10:26
Nekane Ollokiegi, Onditz Leizaola eta Jon Andoni Urdangarin Urrutia.

18-30 urte bitarteko gazteen ideiak jasoko ditu Gazteria Sailak. Epaimahai batek aukeratuko du ideia irabazlea, eta 2019an zehar gauzatuko du udalak.

Ideia Lehiaketa jarri du martxan udaleko Gazteria Sailak. "Askotan, gazteek iritzi eta ideia asko dituzte, eta instituzioek ez dutenez horien berri zuzenean jasotzen, azkenean, ez dira gauzatzen". azaldu du Jon Andoni Urdangarin Urrutia Gazteria zinegotziak. Ideia horiek jasotzea du helburu aurkeztu duten egitasmoak. "Egiteko modukoak eta herriarentzako onuragarriak izango diren" ideiak bilatzen dituzte. Ez dute proiektu garaturik eskatuko 18-30 urte bitarteko gazteek egindako proposamenak baizik. Ideia irabazlea gauzatzera konprometitu da udala, alegia, 2019ko aurrekontuetan sartuko dute proiektu berria. Gutxi gorabehera, 30.000 euro inguru eskainiko dizkiote. 

Proposamenak aurkezteko epea zabalik egongo da abenduaren 17tik urtarrilaren 15era arte. Horretarako, Herritarren Arreta Zerbitzuan eskaera-orri bat bete beharko da, bertan zehaztutako datuekin: proiektuaren laburpena, sustatzaileari (norbanakoa edo taldea) buruzko informazioa, helburu nagusiak... Proiektu irabazlea aurkezten duenak 1.000 euro irabaziko ditu, Murkil Merkatarien Elkartearen dendetan gastatzeko.

Prozesu parte hartzailea

Erabakia hartuko duen epaimahaia udaleko Gazteria Saileko hiru ordezkarik osatuko dute. Hain zuzen ere, Nerea Ollokiegik, Ondiz Leitzaolak eta Jon Andoni Urdangarin Urrutiak. Horiekin batera, erroldaren bidez 18-30 urte bitarteko hiru gazte hautatuko dituzte, eta haiekin osatuko dute epaimahaia. Horrez gain, prozesu parte hartzaile bat ere jarriko dute martxan, herritarrek botoa emateko aukera izan dezaten. 

Urdangarinek azpimarratu duenez, lehiaketak irabazle bat izango duen arren, udalak ideia guztiak jasoko ditu eta posible da ideia bat baino gehiago gauzatzea. "Proposamen ugari izan daitezke bideragarriak eta egokiak, beraz, udalak konpromisoa hartzen du azterketa bat egin eta, posible den neurrian, gainontzeko proposamenak gauzatzen joateko".

Zinegotziak nabarmendu du eskatzen dena burutazioa soilik dela. "Baliabideak lortzea, azterketa teknikoa eta abar udalaren esku geratuko lirateke. Behar duguna da gazteek lagunartean aipatzen dituzten ideia horiek guregana iristea". 

Ideiak baloratzeko irizpide batzuk hartuko ditu epaimahaiak. Pisu gehien izango duen irizpidea izango da deialdiko xedeari egokitzea, alegia, herriari ekarpena egingo dion ideia izatea. Horrez gain, ideiaren bideragarritasuna, berritzaile izatea, lan metodologiaren originaltasuna, zehaztapen maila eta herritarren botoak ere hartuko dituzte kontuan erabakia hartzerako orduan. 

Ideiaren aukeraketa martxoan egingo dutela aurreratu dute udaleko ordezkariek, eta proiektua, berriz, 2019an gauzatuko dutela.