"Umiltasunez" aurkeztuko da Gloria Vazquez alkatetzarako

Amaia Urbieta Arruti 2018ko abe. 14a, 13:49
Denis Itxaso eta Gloria Vazquez, Ezkertokiko ekitaldian. (Amaia Urbieta Arruti)

Ezkertokin egin duten ekitaldian, PSE-EE Alderdiko Gloria Vazquezek alkate izateko bere hautagaitza aurkeztu du, Denis Itxaso Gipuzkoako Ordezko Ahaldun Nagusiarekin batera. Hauteskunde programa aurkeztu ez duen arren, azpimarratu du "herritarrekiko hurbiltasuna eta adeitasuna" izango litzatekela bere lan egiteko modua alkatetzan.

PSE-EEk Zarauzko alkatetzarako bere hautagaia aurkeztu du Ezkertokin. Gloria Vazquez izango da, egun, Berdintasun eta Ingurumen zinegotzia dena. Denis Itxaso Gipuzkoako Ordezko Ahaldun Nagusia izan da ekitaldian, Vazquezekin batera.

Alkategaiak "umiltasunez" aurkeztuko dela adierazi du, "herritarrei laguntzeko indarrez eta gogotsu". Udalean aritzea "gustuko" du Vazquezek, bertan, "jendearekiko kontaktua zuzena" delako. Hainbat kolektibo izan ditu gogoan: etxegabetze arriskuan dauden herritarrak, Siriar errefuxiatuak, indarkeria matxistaren biktimak...

"Proiektu asko jarri ditut martxan, baina alkate izatea gustatuko litzaidake, udal gobernuaren oinarrian progresismoa eta guztion integrazioa jartzeko". Alkate izango balitz, ingurumenaren zaintza eta berdintasun politikak lehen lerrora ekarriko lituzkeela azaldu du, baita enplegu politikak garatuko lituzkeela, turismo ekologikoa sustatuko lukeela eta terrorismoa deslegitimatzeko lan egingo lukeela ere.

Itxasok, berriz, "ezkerra" hitzarekin deskribatu du Vazquezek azken legealdian egindako lana. "Ez da kasualitatea izan Alderdi Sozialistak kudeatutako sailak izatea Zerbitu Sozialak, Ingurumena eta Berdintasuna. Zarautzi egindako ekarpena "aurrerakoitzat" du Itxasok, eta ingurumenaren arloan Zarautzek "lurralde mailako protagonismoa" hartu duela azpimarratu du. "Erreferente bihurtu zarete".

"Eskuina indar handia hartzen ari den unean, inoiz baino garrantzitsuagoak dira politika ezkertiarrak". Azkenik, Alderdi Sozialistak "akordioetara iristen jakin duela" azaldu du Itxasok. "Ezkertiartzat hartzen ditugun beste batzuk ez dira gai akordioetara iristeko, eta ondorioz ez dira gai ideia horiek aurrera eramateko".