Torreoia birgaitzeko lanak urtarrilaren 7an hasiko dira

Zarauzko Hitza 2018ko abe. 14a, 15:51
(Zarauzko Udala)

Urte berriarekin batera hasiko dira Vista Alegre auzoko Torreoia birgaitzeko lanak. Zarauzko Udalak Valuarte Conservación del Patrimonio enpresari esleitu dizkio obrak, 677.975 euroko aurrekontuarekin. Lanak 11 hilabetean egingo dituztela aurreikusten dute. 

Torreoiaren birgaitzea "eskaera historikoa" dela azaldu du Xabier Txurruka alkateak. Enpresa esleituak "eraikin historikoen birgaitzean eta ondare historikoaren kontserbazioan esperientzia handia" duela ere adierazi du. Besteak beste, Oviedoko (Galizia) Santa Clara komentu zaharrean, Asturiaseko (Espainia) Zerga Administrazioko Agentziaren egoitzan edo Gasteizko Ajuria Enea Jauregian egin dituzte kontserbazio lanak. 

Torreoia 1913an Conde de Villapadierna eta Muñizeko markesak eraiki zuen bere gozamen pribaturako, eta Gipuzkoa mailan hormigoi armatuz eraikitako lehen eraikina izan zen. Vista Alegre parkeko eraikinaren egoera "penagarritzat" jotzen du udalak. "1993an egindako eraberritze lanez geroztik, eraikin berezi honetan egindako esku-hartzeak egiteko aurkeztutako proiektu guztiak paperean geratu dira". 

Horretarako, eraikina osatzen duten elemendu ezberdinen moldeak atera eta egiturakoak ez diren elementu guztiak ordezkatuko dituzte, baita Torreoiko goiko solairura joateko zeuden eskailerak ere. Era berean, Torreoiko elementu ezberdinen kopiak burutuko dira eta dagokion lekuan kokatuko dira berriz ere. Gero, azpiegiturak ezartzeko lanak egingo dituzte: ur hornidura, euri urak jasotzeko sistema, koadro elektrikoa, argiztapena eta abar. Azkenik, terraza inpermeabilizatuko da, hormigoizko horma txukunduko da, elementu guztiak zarpiatu eta urbanizazio lanak burutuko dira inguruan.