'Zaindu maite duzun hori' hitzaldi zikloa antolatu dute Ikastolan

Zarauzko Hitza 2018ko abe. 16a, 16:26
Salbatore Mitxelena Ikastolako ikasleak. (Amaia Urbieta Arruti)

Abenduaren 19an izango da lehenengo saioa; Euskara familia giroan goxatuta etxekoagoa, gureagoa delako, Paula Casaresen eskutik. Gainontzeko hitzaldietan, askatasuna, haurtzaroa eta ongizatea izango dituzte hizpide, besteak beste.

Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak hitzaldi zikloa antolatu du Zaindu maite duzun hori izenpean, abenduaren 19tik otsailaren 14ra bitartean. "Maite ditugunak zaindu nahi ditugulako", "hezkuntzaren eta bizitzaren gakoez elkarrekin solasteko eta hausnartzeko" asmoz, hiru saio prestatu dituzte:

  • Abenduak 19. Euskara familia giroan goxatuta etxekoagoa, gureagoa delako, Paula Casaresen eskutik. 18:00etan Ikastolako aretoan.
  • Urtarrilak 31. Gure askatasun preziatua, Ane Ablanedoren eskutik. 18:00etan Ikastolako aretoan.
  • Otsailak 14. Haurtzaroaren garrantzia bizitzan: elikaduraren eta loaren bidez ongizatearen haziak, Miren Camisonen eskutik. 18:00etan Ikastolako aretoan.

Abenduaren 19an izango da lehenengo hitzaldia, eta Paula Casares euskal filologian zein gizarte eta kultura antropologian lizentziatuak hartuko du hitza. Soziolinguistika eta hizkuntza-antropologiaren alorrean hainbat argitalpen egin ditu, eta haurrak hiztun bilakatzeko prozesuan familiak daukan eragina aztertuko du. "Gurasoen hizkuntza gaitasunak ez ezik, haien hizkuntza portaerek, jarrerek eta balioek ere baldintzatuko dute hein handi batean etxean eta, oro har, eskolaz kanpo neska-mutikoek euskararekin izanen duten harremana".

Beraz, gurasoen hizkuntza portaeren eta jarreren inguruan hausnarketak egiteko eta lantzeko saioa eskainiko du Casaresek. Bestalde, urtarrileko eta otsaileko saioetan, askatasuna, haurtzaroa eta ongizatea izango dituzte hizpide, besteak beste.