Gabonetako Harri-jasotze kopetako finaletik kanpo gelditu dira 'Izeta IV.' eta 'Eiza'

Urola Kostako Hitza 2018ko abe. 17a, 10:34
Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV.' Zarauzko Bi Harri txapelketan. (Amaia Urbieta Arruti)

Atzo jokatu ziren aizkolarien nahiz harri-jasotzaileen azken finalaurrekoak. Finaletatik kanpo gelditu dira 'Izeta IV' eta 'Eiza' harri-jasotzaileak. Abenduaren 31n jokatuko dira finalak Asteasun, 17:00etan hasita. Bertan izango dira Mikel Larrañaga eta 'Arria V' aizkolariak eta 'Peña' harri-jasotzailea.

Urrezko Aizkolari eta Gabonetako Harri-jasotze kopen finaletik kanpo gelditu dira Hodei Iruretagoiena Izeta IV eta Iñigo Eizagirre Eiza harri-jasotzaileak. Atzo jokatu ziren Urrezko Aizkolari zein Gabonetako Harri-jasotze finaletarako hirugarren eta azken finalaurrekoak Otxandion (Bizkaia), eta ez da egun ona izan eskualdeko kirolarientzat, finalerako txartelak ihes egin baitie denei.

Urtezahar egunean jokatuko da Urrezko Aizkolari Kopako finala Asteasun, eta bertan izango dira nor baino nor Mikel Larrañaga, Xabier Orbegozo Arria V eta Iñaki Azurmendi. Iaz, Larrañagak jantzi zuen txapela Asteasun, eta garaipen hura defendatzeko aukera izango du aurten. Azpeitiarra, Rekondo eta Azurmendi bezala, fianalurrekoetara zuzenean sailkatu da aurten; lehendabiziko finalaurrekoa jokatu zuen eta Joseba Otaegiri aise irabazita lortu zuen finalerako txartela, duela bi aste, Usurbilen. Arria V.ak, berriz, kanporaketa fasetik iritsita lortu du finalean sartzea; Rekondori irabazi zion Aizarnazabalen.  Otaño, bere aldetik, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrari gailendu zitzaion kanporaketa faseko azken saioan, Azkoitian, azken finalaurrekora sailkatzeko.

Izeta IV.a eta Eiza, finaletik kanpo

Gabonetako Harri-jasotze Koparen azken finalaurrekoa ere atzo jokatu zen Otxandion, eta bertan Izeta IV.ak eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrek neurtu zituzten indarrak. Ehun kiloko harri kubikoa, zilindro zaharra eta bola altxatu behar izan dituzte harri-jasotzaileek. Izeta IV.a izan zen nagusi, 78 jasoaldi eginda. Eizak 70 altxaldi lortu zituen. Dena den, Harri-jasotze koparen finalera sailkatzeko kirolari bakoitzaren altxaldi kopurua da kontuan hartzen dutena. Hiru jasoaldiren tarteagatik gelditu zen finaletik kanpo Izeta IV.a. Zarauztarrak Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioan adierazi duenez “penaz” gelditu da finalaren atarian. Dena den, Zarauzko harri-jasotzaileak esan du gazteak “indartsu” datozela, eta horren jakitun dela. Elkarrizketa, hemen.

Horrenbestez, atzoko saioa amaitzean jakin zen zein harri-jasotzaile arituko diren nor baino nor abenduaren 31n Asteasun jokatuko den finalean. Hain zuzen, Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarrak, Inhar Urruzuno eta Imanol Albisu Goikoetxe harri-jasotzaileek neurtuko dituzte indarrak Asteasun. Aizarnazabalgoak etxean jokatu zuen finalaurrekoa.