Igor Iturainek ikertu gisa deklaratu beharko du Talaimendiko etxeagatik

Onintza Lete Arrieta 2018ko abe. 17a, 14:31
Talaimendin salatu duten etxea (Argazkia: SOS Talaimendi)

Azpeitiko Lehen Auzialdi eta Instrukzioko 2. epaitegiak hartu du erabakia. "Ondarearen eta gizarte eta ekonomia ordenaren aurkako delituengatik" deklaratu beharko du Aiako alkate ohiak (egungo Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak), Maite Garrastazu Zarauzko zinegotziaren familiako bi kidek, eta baita Aiako Udaleko bi teknikarik ere.

Martxoan deklaratu beharko du ikertu gisara Talaimendin eraikita dagoen etxeagatik. Igor Iturain Aiako alkatea zen obrak egiteko baimenak eman zituztenean, eta Maite Garrastazuren familiaren etxea da salaketak jaso dituena.

Talaimendi babestutako eremua da, eta ezin da eraiki bertan, bai ordea, lehendik zegoen baserria berritu. Hor dago gakoa: jabeek diote legalitatearen barruan egin dutela guztia, eta salaketa jarri dutenek, berriz, diote eraikina berria dela eta beste toki batean eraiki dutela baimendutako neurriak gaindituz.

Zehazki esanda "ondarearen eta gizarte eta ekonomia ordenaren aurkako delituak" egiteagatik salatu ditu Gipuzkoako Aire Kiroletako Federazioak, eta ikertu gisa deklaratzera deitu ditu Azpeitiko Lehen Auzialdi eta Instrukzioko 2. Epaitegiak. Beste hiru pertsonak ere deklaratu beharko dute: Aiako Udaleko bi teknikarik eta Garrastazu familiako beste kide batek.

Igor Iturainek egunkari honi gaur goizean adierazi dionez, oraindik ez du notifikaziorik jaso, eta horregatik, ez du adierazpenik egin nahi izan.

Maite Garrastazuk ere ez du adierazpenik egin nahi izan, eta esan du ez duela notifikaziorik jaso.

Garrastazuren dimisioa eskatu dute

Irabazi Zarautz alderdiak prentsa oharra kaleratu du gaur, jakinaraziz Maite Garrastazu zinegotziaren dimisioa eskatuko duela udalean.

Oharrean honela dio Irabazi Zarautzek: "Azpeitiko auzitegiak ulertu du Talaimendin eraikitako mega eraikuntza ez dela berreraiki den baserria, ez eta birgaitutakoa ere baizik eta Babes Eremu Bereziko Lurzoru Urbanizaezinean baimendu ezin daitekeen eraikuntza berria. (..) Garrastazu inputatu gisa eseriko da epailearen aurrean", eta horregatik eskatuko dute haren dimisioa.

"Aurreneko inputatuak dira"

Asier Garate da Gipuzkoako Aire Kiroletako Federazioaren abokatua, eta beraiek eskatuta deklaratuko dute martxoan goian aipatutako bost pertsonek. "Aurreneko bostak dira", azpimarratu du Garatek: "Aiako Idazkaritza ere hor atzean dago, Zarauzko pare bat arkitektu ere bai, baita beste jende pila bat ere".

Izan ere, bere esanetan, etxearen inguruan itxitura perimetral bat egin dute, "tapatuz Berastegi gainera doazen bideak. Babes bereziko eremu batean landaketa egin dute, saihesteko hau salatu duten parapentistek hor hegan jarraitzea, eta hori guztia instituzio batzuen barruan egin da. Piska bat ikertzen baduzu, ikusten duzu denak daudela inplikatuta gai honetan, eta ez dakigu zergatik. Badirudi, batek, alderdi jakin batekoa izateagatik, nahi duena egiteko eskubidea duela".

Urteak daramatza federazioak etxearen aurka borrokan, eta Garatek uste du orain prozedurak aurrera egingo duela. "Lau urte daramatzagu honen atzetik, eta orain gure indarrari esker, Ertzaintzak egin duen atestatuari esker, eta Fiskaltzak azken unean egin duen indarrari esker, martxan jarri da".

Etxebizitzari buruzko prozedura penala artxibatuta dago, "baina honekin berriro zabaldu beharko dute, froga nahikoak baditugulako esateko hori eraikuntza berria dela, eta hori delitua delako".