Zabalik dago Zarauzko Zikloturista Elkartean izena emateko epea

Zarauzko Hitza 2018ko abe. 17a, 18:04

Zarauzko Zikloturista Elkartean aste honetan ireki dute 2019ko bazkide izateko izena emateko epea. Interesatuek Zarauzko Kiroldegiko bulegotik pasa daitezke, edo Ciclos Eizagirre, Ciclos Ibaiondo eta Iraeta Bizikletak dendetan eskuragarri dituzten inskripzio orriak bete beharko dituzte.

Elkarteko kideek txirrindularitza gustuko dutenak izena ematera animatu dituzte. "Federatua egotea garrantzitsua dela uste dugu. Batez ere, istripu baten aurrean seguru babesa edukitzeko. Gainera, bazkide bakoitzari elkartetik 25 euroko bono bat oparituko zaio taldeko mailota eskuratzeko.

Gaur egun 100 bazkidek osatzen dute Zarauzko Zikloturisten Elkartea. Emakumeen parte hartzea bultzatu nahi du batez ere Elkarteak, "euskal errepideetan bizikletaz geroz eta emakume gehiago ikusten den arren, oraindik gutxi direlako".

Martxotik irailera, igandero antolatzen dituzte bizikleta irteerak Gipuzkoako herri desberdinetara. Horretarako, Getaria eta Zumaiako zikloturistekin aritzen dira elkarlanean. Maiatzean eta ekainean, Pirinioetara, Nafarroara edo Errioxara irteera bereziak antolatzen dituzte, eta irailean, udalarekin batera, haurrentzako Txikien Eguna antolatzen dute.

Zarautz Klasikoa ere Zikloturisten Elkarteak antolatzen du, eta aurreratu dutenez, 2019an maiatzaren 19an izango da. 152 kilometroko luzera izango du eta Urola Kosta eta Goierrin barrena izango da ibilbidea.