Eman daiteke izena Zarauzko Ikurriña Mus Txapelketan

Zarauzko Hitza 2018ko abe. 17a, 18:23
Azken Txapelketako finaleko une bat. (Maria Maya Manterola)

Zurekin Ostalarien Elkarteak antolatutako Zarauzko Ikurriña Mus Txapelketan izena emateko epea zabalik egongo da urtarrilaren 7ra arte, ondorengo tabernetan: Joe, Euskalduna, Itxas Lur, Txiki Polt, Iruña, Xoxoa, Karlos Argiñano eta Sugoi.

Izena emateko bikoteko 80 euro ordaindu beharko dira. Txapelketako irabazleek 6.000 euro irabaziko dituzte. Bigarrenek 1.000 euro, hirugarrenek 500 eta laugarrenek 250. Sari horiez gain, sailkapeneko lehen 40 bikoteentzat bestelako sariak egongo dira, baita lehen zarauztarrentzat eta lehen emakumearentzat ere.

Urtarrilaren 10ean hasita, bi hilabete inguru iraungo du txapelketak. Ostegunetan eta asteartetan izango dira partidak, 20:45ean. Finala, Kulixka jatetxean izango da, martxoaren 22an.

Bost jokuko partidak izango dira, lau erregetara jokatuak. Parte hartzaileak kaleratuak izango dira partida kopuru jakin bat galdu ondoren (parte hartzaile kopuruaren araberakoa izango da). Doako inskripzioa suertatutako parte hartzaileek beren izen-ematea formalizatu behar dute Itxas Lur tabernan.