Zebrabidean nork du lehentasuna: autoak ala bizikletak?

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 4a, 10:57
Auto bat zebrabidea igarotzen

Herrian noizbehinka ikusten dira tirabirak bizikletan dabiltzanen eta autoan edo beste ibilgailu motordunen batean doazenen artean. Askotan agerikoa izaten da nork jokatu duen zuzen eta nork ez, baina beste batzuetan zalantzak sortzen dira protagonisten zein ikusleen artean: zebrabideak dira istilu iturrietako bat.

Abenduko goiz batean, liskarrean ari dira bizikletan doan herritar bat eta autogidari bat. Suhiltzaileen eraikinaren pareko zebrabidean daude; zehazki, bidegorriak gurutzatzen duen zebrabidean. Antza, bizikletaz zihoana gelditu gabe pasa da bidegorritik errepideko zebrabidera, eta auto batek ia jo egin du.

Autokoak esan dio bizikletaz doala eta ezin dela horrela atera errepideko zebrabidera. Bizikletakoak, berriz, esan dio baietz; bizikletak duela lehentasuna.

Baina, nork du arrazoi?

Irizpideak egoera bakoitzerako

Legeak eta ordenantzek irizpide batzuk zehazten dituzte oinezkoen bideak, motorrik gabeko ibilgailuen bideak (bidegorriak) eta motordun ibilgailuentzako bideak (errepideak) gurutzatzen direnean lehentasunak ezartzeko.

Zebrabide arruntetan, esaterako, bizikletentzako biderik ez da egoten, eta horietan oinezkoek soilik dute lehentasuna. Izatez, ez litzateke bide horretatik bizikleta gainean igaro beharko. Batzuek errespetatzen dute arau hori; askok, ez.

Beste zebrabide batzuk, berriz, bidegorriek zeharkatzen dituzte. Esaterako, suhiltzaileen ondoko zebrabidea. Kasu horretan, bizikletek (edo motorrik gabeko bestelako ibilgailuek) daukate lehentasuna. Alegia, errepidetik doazen autoek edo motoek gelditu egin behar dute, bidegorriaren jarraipena baita.

Beraz, liskarrean ari ziren herritarren artean, arrazoirik ez zuena autogidaria zen. 

Erlazionatuak

Inkesta: Bizikletak Zarautzen

Zarauzko Hitza 2018 aza 20 Zarautz 3

Zarautz, norabide guztiak

Dorleta Agiriano Lai 2018 aza 27 Zarautz