Grebara deitu dituzte Zarauzko adineko egoitzako eta eguneko zentroko langileak ere

Dorleta Agiriano Lai 2018ko abe. 18a, 13:55
ELA sindikatuak Donostian egindako agerraldia. (ELA sindikatua)
Azaroa amaieran protestak eta grebak egin zituzten adinekoen zaintzaren sektoreko Gipuzkoako langileek, lan hitzarmen duina eskatzeko. Negoziazio-mahaian ez da akordiorik egon, eta ELA eta LAB sindikatuek greba deitu dute berriz, datorren asterako. Zarauzko eguneko zentroan eta Santa Ana egoitzan ere deialdiak egin dituzte.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan mobilizazioak eta lanuzteak egin zituzten langileek azaroa amaieran, lan hitzarmen “duin” baten alde. Sindikatuek bi urte daramatzate patronalekin negoziatzen, baina azaroan jakinarazi zuten ez dutela pausorik eman, eta negoziazioak “bere horretan” jarraitzen zuela salatuz, greba deitu zuten azaroaren 26an. “Patronalen estrategia denbora pasatzen uztea izan da, eta azkeneko mahai sektorialean egindako proposamenak hutsaren hurrengoak izan dira”, gaineratu du ELAk.

Akordiorik ez negoziazio-mahaian

LABen arabera, negoziazioan dagoen “blokeo egoeraren ardura asumitu behar dute” Patronalek, “ordezkaritza gehien duen sindikatua mahaira etor dadin”. Izan ere, une honetan, ELAk ez du bertan parte hartzen. Negozio-mahaiak biltzen jarraitu duen arren, ez da akordiorik egon, eta ELA eta LAB sindikatuek greba deitu dute berriz datorren asterako. ELAk aste osorako deitu du lanuztea, abenduaren 24tik 31ra bitartean; LABek, 24an eta 31n deitu du. “Ez dugu beste aukerarik borrokan jarraitzea baino”, adierazi du ELAk.

“Onartezina da Patronalen jarrera gatazka honetan; baita Diputazioaren jarrera pasiboa negoziazio prozesuan ere”, salatu du. Dena den, “zerbitzu minimoen gehikuntza bultzatzeaz ari direnean”, ordea, “kontrako jarrera” agertu dutela gehitu du ELAk. “Gutxieneko zerbitzuen beharra dagoela saltzeko txosten interesatua eta aldebakarrekoa sortu dute. Horrek greba eskubidea urratzeaz batera, gatazka luzatzea dakar”.

ELAk helegitea aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak urriaren 19an gutxiengo zerbitzuak betetzeko dekretatutako aginduaren aurka, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Bi argudio nagusi azaldu ditu horretarako: alde batetik, “zerbitzua betetzeko langile gehikuntza ez dagoela arrazoitua eta desproportzionatua dela”, eta bestetik, “erabakia Foru Aldundiaren inspekzio txosten batean oinarritzen dela, non lehenengo greba egunean gertatutako ustezko arduragabekeriak enpresen zuzendaritzen ahotik jasotzen diren. Jasotako informazioaren kontrasterik ere ez da egin”, gehitu dute.

LABek azaldu duenez, “patronalek esan dute badutela proposamen bat esku artean, baina ez dutela mahai negoziatzailean aurkeztuko ordezkaritza sindikal guztia (ELA, LAB, CCOO eta UGT) bileran egon arte”. Beren “posizio aldaketa” salatu du sindikatuak: “gure haserrea helarazi diegu, sektorea 2012tik herrialdeko hitzarmenik gabe dago eta mahai negoziatzailean aurkeztu duten proposamen bakarrak bi urteko izozketa jasota zuen”.

Greba deialdien jarraipena goraka

Negozioazio-mahaian parte hartzen duten lau patronalek oraindik ez diote duela bi urte sindikatuek egindako proposamenari erantzun. “2017 eta 2018 urteetarako soldaten izoztea proposatu dute, besterik ez”. Beraz, Gabon jaietan ere langileek “beren aldarrikapenetan irmo” jarraituko dutela jakinarazi du, eta “ekintza ugariz betetako agenda” iragarri du. Sindikatuaren arabera, “greba deialdi batetik bestera jarraipena goraka doa”, eta datorren astean ere greba egiteko eta antolatutako ekintzetan “parte-hartze aktiboa” izateko deia luzatu die sektoreko langileei.

Lan hitzarmena 2012. urtetik berritu gabe dago. ELAk azaldu duenez, “argi” ditu negoziaketetan exijituko dituen baldintza minimoak: “hitzarmenak berritzea” ahalbidetuko duen akordio bat nahi dute, enpresa-hitzarmenetan langileek dituzten baldintzak “errespetatuko” dituena, soldatan hobekuntzak eragingo dituena eta “hurrengo urteetan prekarietateari aurre egiteko lan-baldintzak onartuko dituena”, atsedenaldiei, jai-egunei, ratioei, antzinatazunari eta bestelako gaiei dagokienez.

Bere aldetik, LABek mahai negoziatzailean parte hartu dezan exijitu dio ELAri, “hitzarmenaren negoziazioa desblokea dezan”.

Urola Kostako egoitzetako eta zentroetako langileak ere, grebara deituta

Azaroko greba deialdiarekin bat egin zuten sektoreko Urola Kostako langileek. Oraingoan ere, ELA sindikatuak grebara deitu ditu eskualdeko adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak. Hain zuzen ere, honako lantoki hauetan egin dute deialdia: Azkoitiko San Jose egoitzan, Azpeitiko San Martin egoitzan, Azpeitiko eguneko zentroan, Zumaiako eguneko zentroan, Zumaiko Otezuri egoitzan, Zumaiako San Juan egoitzan, Getariako eguneko zentroan, Zarauzko Santa Ana egoitzan, Zarauzko Maria Etxetxiki eguneko zentroan eta Orioko eguneko zentroan.