Bizi Jare taldea jaio da

Amaia Urbieta Arruti 2018ko abe. 20a, 08:30

Talde antiespezista sortu berri da Zarautzen. Alberto Blazquez Tito taldeko kideak pixkanaka jendea kontzientziatzen ari dela dio. Abenduaren 28an egingo dute lehen ekintza.

Talde antiespezista sortu da Zarautzen: Bizi Jare. Bertako kide den Alberto Blazquez Tito gustura dago Zarauzko eta inguruko antiespezisten bateratzearekin. Azaldu duenez, "orain arte bakoitza bere aldetik, talde desberdinetan mugitu izan da. Ni, esaterako, Askekintzan aritu izan naiz". Norbanako batek gaiaz hitz egiteko deialdia luzatu zuen sare sozialetan, eta hala, Putzuzulo gaztetxean egindako bileretatik jaio da Bizi Jare.

Antiespezistek gizakiek eta animaliek eskubide berberak dituztela defendatzen dute, eta Titoren esanetan, "Euskal Herrian mugimendua geroz eta indar gehiago hartzen ari da. Pixkanaka-pixkanaka, hiriburuetako talde handiez gain, herrietan ere ari da militantzia sortzen, eta horrek esan nahi du jendearen kontzientzia pizten ari dela".

Gabon menu alternatiboa

Gabonak ate joka diren honetan, etxe askotan ariko dira mahai gainera zer atera pentsatzen. Blazquezek alternatiba beganoa proposatzen du, alegia, animaliengandik eratorritako elikagairik gabeko Gabon otordua.

Hasteko, ohiko patea beharrean, hummusa edo barazkizko pateak proposatzen ditu. "Hamaika pate ezberdin daude: azenariozkoa, berenjenazkoa, shitakezkoa, olibazkoa...". Ondoren, plater nagusia seitan gisatua edo seitanezko kiribildua izan daiteke (barrutik perretxikoz betea). Amaitzeko, pastel beganoa prestatuko du Blazquezek.

Ideia faltan ibiliz gero, interneten ehundaka errezeta begano topa daitezkeela ere azaldu du Bizi Jareko kideak. "Nik, pertsonalki, sarri erabiltzen dut seitanaren komodina. Modu askotara sukaldatu daiteke eta".
Zenbaitek jaki beganoak garestiagoak direla diote, baina Blazquezek argi dauka: "Orain modan jarri diren jakiak [hummusa, seitana, tofua...] supermerkatuan erostea oso garestia da, baina guztiak etxean egin daitezke". Seitana, esaterako, glutenezko ore bat egosita egin daitekeela azaldu du. Beraz, denbora eta pazientzia izanez gero, elikadura beganoa izateak "ez duela zertan garestiagoa izan" dio Bizi Jareko kideak.


"Ohitura daukagu janari beganoa elikagai jakin batzuekin lotzeko, baina hori baino sinpleagoa da kontua. Lekaleak, etxe guztietan dauden dilistak edo egunerokoan jaten ditugun barazkiak, frutak pasta... horiek ere ez dira animalietatik eratorritakoak, beraz, ez dago oso elikadura berezia eraman beharrik beganoa izateko.

Pintxo-pote beganoa

Abenduaren 28rako antolatu du Bizi Jarek lehen ekintza. Pintxo-pote beganoa egingo due Putzuzulo Gaztetxean, 18:00etatik aurrera. Horrez gain, arratsaldea girotzen arituko dira Arrutiko Intxaurrak eta Liberando el corazon bakarlariak. Era berean, produktu beganoz betetako saski bat ere zozkatuko dute.