"Emanaldi honetan nik erabaki dut zer eta nola biluziko naizen"

Imanol Garcia Landa-Ataria 2018ko abe. 20a, 11:24
(Aritz Mutiozabal)

Andoni Egañak Neretik emanaldia estreinatuko du bihar Altzon, Jon Ostolaza soinu jotzailearekin batera. Berak idatzitako bertsoak abestuko ditu, eta gatazka, bere erretzailetasuna, umetako kontuak... izango ditu kantagai.

Nola sortu zen Neretik ikuskizuna egitearen ideia?

Neure ideia izan zen. Azken boladan saio dezente egiten ari naiz, saio bereziak esan dezagun, beti ere norbaiten ideia direnak, edo norbaitek laguntzeko eskatuta. Eta hau neuk pentsatu nuen, alegia, nire bertso jarrien emanaldi bat egitea, eta bertso jarri horiek izan zitezela gehienak niretik sortuak, ez enkarguz norbaitek eskatutakoa. Lankurekin, Bertsozale Elkartetik dugun enpresarekin, harremanetan jarri, eta erabaki genuen aurrera egitea.

Eta zergatik bertso jarriak edo bertso paperak taularatzea?

Bertso paperek azken urte luzeetan ez dutelako lehen zuten garrantziarik. Denok dakigu orain dela ehun urte bertso paperak oso garrantzitsuak zirela. Batetik, informazioa trukatzen zelako. Eta bestetik, familia osoarentzako kantu eta jolas motibo izaten zelako. Feriara joan, bertso paperak erosi, etxera bueltatu, eta familia osoak kantatzen zuen buruz ikasi arte. Gaur egun informazioa mila iturrietatik datorkigu, eta badirudi gure jolasak ez doazela hortik. Bertso paperen funtzioa nahiko kolokan geratu dela esango nuke.

Hutsune bat betetzeko asmoz sortu da, beraz, emanaldia?

Ez nuke esango inoren edo ezeren hutsunea bete nahiko nukeenik. Baina banituen gauzak esateko, eta askotan modu hori egokia izan daiteke. Egia da desberdinak direla bertso paperak eta bertso jarriak. Nik asmatutako terminologia da eta bereizketa ere nik asmatutakoa da. Esango nuke batzuk direla lehiaketa batera aurkeztu eta lasai irakurri ahal izatekoak, eta beste batzuk jende aurrean kantatzekoak, kontsumoa bat-batekoa dutenak. Eta gehiago jo dut bigarren bide horretatik, jakina, jende aurrean kantatzeko direlako. Ez dira hamabost bertsotako sortak, sei-zortzikoak baizik, hamarrekoak gehienez.

Ez da, beraz, inolako inprobisaziorik izango.

Ez, ez, bestela ere egiten dugu nahikoa. Egun horretan eta emanaldi horretan ez dut inprobisatuko, bertso jarriak izango dira.

Irakurri elkarrizketa osorik.