Hondartza Futbola 2018-2019

Hondartzako Futbolaren etorkizunari buruz kezkatuta daude jokalariak

Amaia Urbieta Arruti 2018ko abe. 21a, 08:30

Plaieroen 75. urteurrenean, helduen txapelketako jokalariek hainbat eragileri eta norbanakori Txapelketaren egoeraz hausnartzeko deia egin diete, parte hartze kopurua dela eta.

Hondartzako Futbol Txapelketako Senior mailako talde guztiek beren kezka adierazi dute Txapelketaren etorkizunaren inguruan, egunkari honi helarazitako gutun baten bidez.
Plaieroen etorkizunari "kezkaz" begiratzen diote jokalariek, azken urteetan parte hartzaile kopurua "nabarmen" jaitsi delako. "Emakumezkoen txapelketa, adibidez, bertan behera geratzeko arriskuan egon zen iaz, eta horrela jarraituz gero gauza bera gerta liteke gizonezkoen txapelketarekin". Parte hartzaile kopuruaren jaitsierarena "arazo larritzat" daukate, eta momentuz, konponbiderik ez zaiola aurkitu azaldu dute.

"Zarauzko ondare kulturala" dira Plaieroak jokalarien esanetan, eta Txapelketa desagertzen uztea "latza litzatekeela" azaldu dute. "Kirol ekimen hutsetik haratago doaz Plaieroak, herri honen izaeraren ezaugarrietako bat baitira".

Ondorengo belaunaldiek, "guk bizitza osoan ezagutu ditugun bezalaxe", igande goizetako hondartzako futbol txapelketak ezagutu ditzaten nahi dute jokalariek.


Herriari luzatu diete deia


Hori guztia dela eta, egungo egoera "irauli" eta txapelketaren etorkizuna bermatzeko beharrezkoa dena egiteko prest azaldu dira jokalariak, "gure ardura ere badelak".
Afera honetan inplikatuak egon daitezkeen guztiei hausnarketarako deia egin nahi diete:  "Zarauzko Kirol Elkartea, Txapelketaren antolatzaileak, ikastetxeak, udal ordezkariak, jokalariak eta oro har, interesa izan dezakeen edonor".

Horrez gain, eskerrak eman dizkiete orain arte txapelketa antolatzen aritu direnei, beraien konpromisorik gabe Plaieroek gaur arte izan duten ibilbidea "ezinezkoa izango litzatekeelako". Gizonezko helduen txapelketa zen hasieran Hondartzako Futbol Txapelketa, eta eskolaurrekoen eta emakumeen txapelketak gehitu zitzaizkion pixkanaka-pixkanaka. Bestalde, lehen mailako hainbat futbolarik beren kirol ibilbideari jarraipena plaieroetan eman dietela ere azaldu dute.

Honenbestez, Plaieroen etorkizunaren inguruko hausnarketa zabaldu nahi dute, "denon artekoa eta denontzat, Txapelketak, gutxienez, beste 75 urte iraun ditzan".

Hain zuzen ere, asteburu honetan jokatuko dute Hondartzako Futbol Txapelketako zazpigarren jardunaldia. Ohi bezala, igande goizez jokatuko dira partidak, oraingoan, 10:00etatik aurrera. Gizonezkoen Txapelketan Indaux taldeak izango du atsedena, eta zelaiak markatzea, berriz, Asti pinturak taldeari dagokio.