Jokin Eizmendik irabazi du Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa

Zarauzko hitza 2018ko abe. 23a, 09:00
Jokin Eizmendi podiumean. (Facebook Joseba Ostolaza Harri Eskola)

Zarauztarrak koparekin erakustaldia eman zuen atzo Asteasun, eta txapelketaren buruan jarri zen bigarren harria 13 aldiz jasota.

Larunbat gauean Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa jokatu zen Asteasun, eta Jokin Eizmendi zarauztarrak irabazi du 2018ko txapela, aurkariei errenta nabarmena aterata. Ikuskizun eder eta berritzaileaz gozatzeko aukera izan zuten hitzordura bertaratu edo telebistaz jarraitu zutenek, eta harri-jasotzea indartsu dagoela argi geratu zen.

Hasiera batean txapelketan zazpi harri-jasotzailek parte hartu behar bazuten ere, Aimar Irigoien errezildarrak min hartu eta txapelketan parte ez hartzea erabaki zuen, beraz sei izan ziren atzo ring-era igo ziren harri-jasotzaileak.

Lau harri jaso zituzten harri-jasotzaileek: laukizuzena (175 kilo/200 kilo), zilindrikoa (175 kilo/200 kilo), kubikoa (150 kilo) eta bola (125 kilo). Hiru minutuz aritu ziren parte-hartzaileak harri bakoitzarekin, eta lehen harriarekin Eizmendi, Goenatxo eta Galarragaren artean lehia estua izan bazen ere, koparekin erakustaldia eman zuen Eizmendik, 13 jasoaldi eginda, eta txapelketaren buruan jarri zen. Gainera, lortutako errenta handitzea lortu zuen kubikoarekin eta bolarekin. Denera 9025 kilo jaso zituen Jokin Eizmendik Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan.

Sailkapena
1.- Jokin Eizmendi 9025 kilo
2.- Jon Unanue Goenatxo 6625 kilo
3.- Imanol Illarramendi Kortaberri 6600 kilo
4.- Aimar Galarraga 5850 kilo
5.- Iban Ugartemendia 5000 kilo
6.- Julen Diaz 3650 kilo