Gabonak

Hiru Erregeek eta Bizarzurik aurten ere bisitatuko dute Zarautz

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 3a, 17:39

Urtero bezala, urtarrilaren 5ean Errege Magoak Zarauzko kaleetan zehar ibiliko dira, herritarren etxeetan opariak utzi aurretik. Bizarzurik, berriz, egun bat lehenago etxeko txikienen eskutitzak jasoko ditu Meltxorri, Gasparri eta Baltasarri emateko.

Bihar, urtarrilaren 4ean, Bizarzuri etorriko da Zarautzera, etxeko txikienek Hiru Errege Magoei idatzitako eskutitzak jasotzera. 16:30ean Santa Ana egoitzatik aterako da, eta handik, Santa Marina, Herrikobarra, San Frantzisko Kale Nagusia, Musika Plaza eta Zigordia kalea zeharkatu ondoren, Lege Zaharren Enparantzara iritsiko da 17:00ak inguruan. Bertan, ilaran jarritako haurren eskutitzak jaso, eta handik, Zigordia, Musika Plaza, Kale Nagusia eta San Inazio zeharkatuz, Santa Ana egoitzara itzuliko da.

Eguraldi txarra eginez gero, ibilbidea motzagoa izango da eta eskutitzak Gaztelekuan jasoko ditu Bizarzurik.

Urtarrilaren 5ean, Meltxor, Gaspar eta Baltasar izango dira herrian, haien laguntzaileekin batera. 18:30ean aterako dira Bizkaia kaletik, izarrak gidatuta, zaldi gainean. Handik, Urdaneta kalea, Araba kalea, Zelai Ondo eta Gipuzkoa kalea zeharkatuko dituzte, eta Villa Mundara iristean, Musika Bandak bat egingo du beraiekin. Gipuzkoa kaletik jarraituz, Kale Nagusian sartu eta Herodesekin elkartuko dira Hiru Erregeak Torre Luzean. Ondoren, San Inazio, Santa Marina eta Herrikobarra kaleetatik ibili ondoren, Lege Zaharren Enparantzara sartuko dira, bertan, Jesus jaio berriari abesteko. Amaitzeko, berriro ere Santa Ana egoitzara itzuliko dira, Musika Plazatik igaroz.

Gozokiak, glutenik gabe

Zarauzko Udalak jakinarazi duenez, Errege Magoek eta Bizarzurik banatuko dituzten gozokiak, urtero bezala, glutenik gabekoak izango dira.