Hiribus zerbitzua zabalduko du udalak asteburu eta jai egunetarako

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 4a, 18:00

'Linea mistoa' gehituko diote orain arteko Hiribus zerbitzuari, eta aldaketak datorren astelehenetik aurrera jarriko dituzte martxan.

Bigarren autobus bat jarriko du udalak asteburu eta jai egunetan, hala, Hiribus zerbitzua zabalduz. "Hiribusak izandako bidaiari igoera dela eta, zerbitzuaren berrantolaketa integrala egiteko beharra ikusi dugu", azaldu du Maite Garrastazu Mugikortasun zinegotziak.

Asteburu eta jai egunetako zerbitzuan martxan izango den bigarren autobus bat izango da berrikuntza nagusia: linea mistoa. Honek, 2 linearen antzeko ibilbidea izango du. 1 lineak egunero eskainiko du zerbitzua, hau da, astelehenetik igandera, jai egunak barne, urte guztian zehar. Era berean, 2 linea astelehenetik ostiralera bakarrik izango da martxan. 3 lineari dagokionez, ohiko zerbitzua mantenduko du, astelehenetik ostiralera.

Asti eta ikastetxeetara maiztasun handiagoa

Ordutegi zabalkuntzaren eta zerbitzuaren berrantolaketa baliatuz, Asti kirolgunera eta ikastetxeetara joango diren Hiribusen maiztasuna handitu da. Datorren astelehenetik aurrera, 3 lineak ikastetxeetako sarrera eta irteera orduetan maiztasun handiagoa izango du, eta linea mistoa asteburu eta jai egunetan Asti kirolgunera iritsiko da, 30 minutuko maiztasunarekin.

Geltoki eta ordutegien informazio zehatza Hiribusaren web orrian dago eskuragarri.