zarauzkohitza.eus

Subkontzientea, energiak azaleratzeko

Onintza Lete Arrieta 2019-01-07 20:00   kultura

Bi pieza sortu eta taularatu ditu azkenaldian Ainhoa Alberdi aktore zarauztarrak: Eskeleto Anderea eta Haragia. Butoh arte diziplina japoniarra erabili du obrak sortzeko.

Subkontzientea, energiak azaleratzeko
Diziplina japoniarrak aktore bezala osoagoa izaten laguntzen diola azaldu du Alberdik. (Justin P. Brown) | Ikusi handiago | Argazki originala

Epaiketa da gizarte honetako gaixotasun handienetakoa Ainhoa Alberdi aktore zarauztarrarentzat: "Guztia epaitzen dugu, eta horrela ezin da bizi. Zeren bestea epaitzen badugu, geure burua ere bai, eta hori da etengabeko zigor bat". Badago, ordea, epaitze hori desegiten duen arte diziplina bat, eta Alberdi azken urteetan sakon lantzen ari dena: butoh.

Japonian du sorrera eta subkontzientea lan tresna, antzerkiaren eta dantzaren bitartez, barru-barrukoarekin bat egiteko. Alberdik, baina, arte plastikoekin ere lotzen du. "Ikuslearen begiradak gehiago egon behar du koadro bat ikusten ariko balitz bezala edo arte eskultura bat, antzerkia edo dantza bezala baino". Meditazioa eta erlaxazioa lantzen da diziplina horretan, eta "askatasuna ematen du, bizitza den oro hori bizitzeko eta onartzeko". Energia denek dute tokia, sutilenek eta basatienek. "Butoh ariketetan gaudenean, nik segituan esaten dut hozka egiten dudala. Hozka egiten baitut. Ez diot inori besoa kenduko eta neurtu egingo dut, baina hortzek behar dute estimulu hori, laztan suabeena eskaini behar dudan bezalaxe". Butoh opari bat izan da Alberdirentzat: "Nik hor nire etxea aurkitu nuen; hau nire tokia da".


Energia guztiak dantzan

Zarauztarrak hiruzpalau urte daramatza butoh diziplinan murgilduta, eta laguntzen ari zaio aktore osoagoa izaten. "Energia biolento eta animalietan oso erraz sartu izan naiz beti, eta orain nire lana da bidaia egitea sutiltasunera eta  alde delikatu horietara mugimenduan, gelditasunean, isiltasunean... Izugarrizko plazera ematen dit orain. Osotasun horretara iristeko lanketa egiten ari naiz".  

Esan bezala, bizitzako edozein energiak du tokia butoh-n. "Gauza biolentoenetik delikatuenera, dena da baliagarria, bizitza delako. Ez dugu epaitzen hau txarra eta hura ona bezala. Dena hemen dago, eta da. Energia guztiak dantza daitezke. Energia biolentoa dantzatzen badut bide ona emango diot; ondokoari labankadak emateko erabiltzen badut, horrek bere ondorioak izango ditu, baina denok dugu energia biolento hori, energia kanibal bat, eta momentu batean bihotza errotik aterako genioke beste bati; gizakiaren barruan dago hori".

Subkontzientean barneratu ahala azaleratzen dira beldurrak, ametsak, desioak, korapiloak. Alberdik ere aurkitu ditu bereak. "Epaitua sentitzearen beldurra da nire beldur handiena, hori da gehien piztu zaidan beldurra arte mota hau lantzean. Ez da ohiko ikuskizuna, eta erraza da jendeak ez konektatzea, eta horren aurrean jartzea izan da niretzat erronka handiena". Baina jarri da, bi obra estreinatuak baititu aktore zarauztarrak: Haragia eta Eskeleto Anderea. Pozik da bere beldurrei aurre egin eta publikoaregan pentsatu beharrean, egin duelako bat dantzarekin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa