Zebrabidean nork du lehentasuna: autoak ala bizikletak? (II)

Urtarrilaren 4an bizikletei buruz argitaratutako artikulua amaitu genuen esanez bi bidegorriren arteko zebrabidean lehentasuna bizikletak duela autoaren aurrean. Baina sare sozialetako jarraitzaileak adi ibili dira, eta bateren batek galdetu du bidegorrian bidea emateko seinalea (ceda el paso-a) badago, orduan zer. Udaltzaingora jo dugu azalpen bila.

Aurreko artikuluaren abiapuntua honakoa zen: goiz batean bi herritar liskarrean zebiltzan suhiltzaileen eraikinaren ondoan dagoen zebrabide batean. Autoz zihoan bat, eta bizikletaz bestea. Biek uste zuten lehentasuna zutela zebrabidea igarotzerakoan. Kontua da zebrabidea bi bidegorriren artean zegoela. 

Artikulu hura amaitu genuen esanez bidegorri baten erdian zegoenez zebrabidea, bizikletak zuela lehentasuna. Baina sare sozialetan artikulua irakurri dutenetako batzuk adi ibili dira, zehaztuz bidegorri horretan bidea emateko seinalea (ceda el paso-a) dagoela zebrabidera iritsi aurretik.

Bidea eman behar zaio oinezkoari bakarrik? Denei?... Zalantzak argitzeko, udaltzaingora jo dugu. Telefonoz deitu, eta herritar gisa egin dugu galdera. Udaltzainak argi utzi du bidegorria espaloitik errepidera ateratzen den momentutik hura zeharkatzeko, bizikletak bidea eman behar diela errepidean dauden guztiei, izan oinezko, izan ibilgailu. "Bereziki ibilgailuei", azpimarratu du. Hain zuzen, abiadura handienean horiek datozelako eta, beraz, istripuak saihesteko beharrezkoa delako.

Irakurri osorik urtarrilaren 4ko artikulua.