zarauzkohitza.eus

Haurren zaintzari buruzko tailerrak antolatu dituzte

Zarauzko Hitza 2019-01-08 13:06   gizartea

Ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko tailer sortaren barruan, bi ikastaro izango dira urtarriletik martxora bitartean: haur masajea eta haurren haserrealdiak eta beste emozioen kudeaketa eta akonpainamendua.

Zarauzko Gizarte Zerbitzuetako prebentzio arloaren barruan, ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko ikastaro berriak antolatu dituzte urtarriletik martxora bitartean. Helburua "osasuna sustatzea" da; "osasuna ikuspegi zabalean ulertzen dugu [...] osasunaz hitz egiten dugunean osasun fisikoari eta emozionalari buruz ari gara".

Antolatzaileen arabera, tailer hauen bidez "zarauztarrei ezagutza, trebetasunak, gaitasunak, baliabideak eta tresnak" eskaintzea bilatzen dute. "Horrez gain, tailer hauek elkarren artean gauzak partekatzeko, hobeto sentitzeko eta irtenbideak aurkitzeko guneak izango dira", gaineratu dute.

Bi izango dira urtarriletik martxora bitartean egingo diren ikastaroak: haur masajea eta haurren haserrealdiak eta beste emozioen kudeaketa eta akonpainamendua. Urtarrilaren 21ean itxiko dute izen-emate epea, eta e-mail bidez (prebentzioa@zarautz.eus) edo telefonoz (943 005 127) egin daiteke inskripzioa jada.

Haurren zaintza ardatz

Haur masajeari buruzko ikastaroa urtarrilaren 29an eta 31n eta otsailaren 7an, 12an eta 14an izango da, 10:00etatik 12:00etara. Nerea Mendizabalek eskainiko ditu saioak, euskaraz, Zuberoa kaleko ikastaro gelan. 15 euroan egin daiteke matrikula.

Antolatzaileek adierazi dutenez, "haur masajea teknika goxo eta atsegina da, eta ukimenaren bitartez haurraren gorputza eta emozioen munduarekin bat egitea ahalbidetzen du modu sakonean. Begiraden, irribarreen, kontaktuaren, hitzen eta jokoaren bidez komunikatzearen artea da, eta hain berezia den haur bakoitzarengana hurbiltzen du".

Beraz, ikastaroan gurasoek beren haurrei masajea emango diote, Mendizabalek teknikak pausoz pauso adierazten dituen bitartean, panpina baten bidez. Bestalde, atal praktikoez gain, "gurasoentzat interesgarriak diren gaiei buruz" hitz egiteko aukera ere izango da ikastaroan; esate baterako, elikadura, loa, negarra edo motrizitatea.

Haurren haserrealdiak eta beste emozioen kudeaketa eta akonpainamendua ikastaroari dagokionez, Mireia Centeno psikologoak eskainiko ditu saioak. Otsailaren 20an, 27an eta martxoaren 6an eta 13an izango dira, 17:30etik 19:00etara, Zuberoa kaleko ikastaro gelan. 10 euro ordaindu behar dira matrikula egiteko.

Centenok haurren haserrealdiak, haserrealdien prebentzioa, mugak eta gurasoen haserrealdien kudeaketa jorratuko ditu. "Haurrak dauden tokian, beti bada jolasa, algara, joan-etorria… eta kasketaldiren bat edo beste ere bai. Haurrak zoragarriak dira, baina kasketa harrapatu eta beren burua lurrera botatzen dutenean, ostikoka, negarrez eta oihuka hasten direnean etxean edo kalean, ez da egoera gozoa izaten, eta are gutxiago ohiko bihurtzen baldin bada".

Ikastaroei buruzko informazio gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa