Laurgaingo nondik-norakoak azaltzen dituen liburua, Zarautzen salgai

Karkara.eus 2019ko urt. 8a, 18:44
(Ainara Lasa)

Laurgain etxeko zaindaria izan zen urte askoan Joxe Mari Lertxundi. Iragana gogoratuz liburuan bildu ditu bertako bizipenak eta oroitzapenak, baita bertsolaritzako hainbat pasarte ere. Zarauzko bizilagun den Joxemari Iriondo aurkezle eta kazetaria arduratu da liburuaren edizioaz.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Auspoa saileko 336. zenbakia argitaratu berri du, Joxemari Lertxundiren (Aia, 1932) Iragana gogoratuz liburua, hain zuzen ere. Lertxundi Laurgain etxeko zaintzailea izan zen urte luzez, eta bertako oroitzapenk eta bizipenak jaso ditu lanean. Abenduaren 27an aurkeztu zuen argitalpena, bere herriko udaletxean bertan, eta Nekane Arrizabalaga Aiako alkatea, Joxe Mari Iriondo edizioaren arduraduna eta Pello Esnal zarauztarra izan zituen lgun aurkezpen ekitaldian.

Joxe Mari Iriondo kazetariak lanaren nondik-norakoak azaldu zituen. "Aiako herriari eta inguruari dagozkion gogoetak eta istorioak dakarzkigu Joxe Mari Lertxundik lan honetan. Bizitzan zehar bere inguru hurbilean izan dituen historia eta istorio zahar eta berri interesgarriak jaso eta metatu ditu orain ere. Izan ere, Laurgaingo basetxe maitagarria utzi zuenetik asti gehixeago izan du horrelako lanetarako".

Horrez gain, Iragana oroituz lanean bertsolaritza munduko hainbat pasarte ere biltzen ditu Lertxundik. Hori dela eta, Iriondok eta Arrizabalagak Lertxundiren ibilbide profesionala ez ezik, bertsolaritzan utzitako aztarna ere nabarmen landu zuten aurkezpenean: "Idazle eta Laurgaingo zaintzaile ez ezik, bat-bateko bertsolari, bertso-jartzaile eta bertsozale porrokatua ere dela esan behar dugu Lertxundi". Halaxe aitortu zuen protagonistak berak ere: "Etxean bertsozaletu nintzen, gure aitak bertso zahar asko kantatzen zituen, eta bat-batekoak ere tartekatzen zituen sarri".

Laurgain etxea

1965. urtean hasi zen Joxe Mari Lertxundi etxea zaintzeko lanean. "Laurgain etxea nire etxetzat nuen, hura zaintzea izan zen nire betebeharra eta nahia bertan lanean hasi nintzenetik", azaldu zuen Lertxundik aurkezpenean. Gipuzkoako Foru Aldundiak Parke Naturalen sarea sustatu zuen denboran ere, aiarra Laurgain etxean zen lanean. "Hasiera-hasieratik bizi izan nuen Pagoeta Parke Naturalaren sorrera, eta aldaketa nabarikoa izan zen", gogoratu zuen Lertxundik. Ildo horretan, nabarmendu zuen, "Laurgain etxea, diktadura garaian, aterpe moduko bat izatera" heldu zela berarentzat eta aiar zein ingurukoentzat. "Ondoren, demokraziaren etorrerarekin, bisitariei ireki zitzaien etxea, bere alde onekin eta txarrekin".

Salgai, Zarautzen

Gipuzkoako Foru Aldundiak Iragana Oroituz liburuaren 400 ale argitaratu ditu, eta salgai daude Zarauzko Garoa liburu dendan eta Donostiako Koldo Mitxelenan. Horrez gain, Auspoako bazkideek ere eskuragarri izango dute Lertxundiren lan berria.