Barrutik Kanpora doazen artikuluak

Barrutik Kanpora doazen artikuluak
(Nerea Uranga)

Booktegi plataforma digitalerako artikulu bilduma plazaratu berri du Ana Galarraga zarauztarrak: Sapiens, ispilu aurrean. Bertan, ildo jakin bati helduz, berak idatzitako hainbat zientzia-artikulu daude irakurgai.

Giza espeziea ardatz harturik, artikulu bilduma plazaratu du Ana Galarraga zientzia kazetariak, Booktegi plataformaren bidez.

Hainbat ataletan bereiztu du bilduma zarauztarrak. "Neandertalengandik hasita, haiengandik bereizten gaituzten zein amankomunean ditugun ezaugarriak lantzen dira. Baita gure espezieak inguruarekiko betetzen duen rola ere. Azkenik, estralurtarren gaia ere jorratzen da zenbait artikulutan, eta nola gizakiaren bilakaerarekin batera, lurretik kanpo bizi daitekeen horren bilaketak ere eboluzionatu duen".
Urtarrilaren 24an aurkeztuko du Galarragak artikulu bilduma, Donostiako Liburutegi Nagusian, 19:00etan. Kazetariak azaldu du bidelagun izan dituen Aritz Branton eta Joseba Riosi eskerrik beroenak eman nahi dizkiela. Hain zuzen ere, berarekin izango da Rios antropologoa aurkezpen egunean.

Ondorengoa da kazetariak bildumari idatzi dion hitzaurrea:

"Ispiluaren proba 1970eko hamarkadan diseinatu zen. Animalia batek bere buruaren kontzientzia ote zuen jakiteko, arrasto bat margotzen zitzaion gorputzean. Ispiluaren aurrean jarritakoan margotutako lekua ezagutuko balu bezala erreakzionatzen bazuen, kontzientzia zuela ondorioztatzen zuten ikertzaileek. Gerora, zientziak zalantzan jarri du probaren balioa; edonola ere, gaitasun hori erakutsi dutenen artean daude txinpantzeak, gorilak, elefanteak, zetazeo batzuk eta beleak, baita gizakiak ere, adin batetik aurrera.
Gure espezieak, gainera, badu besteek ez duten ahalmen bat: era askotako ispiluak egin ditzake. Nolako ispilua, halako isla. Nolakoak gara biologiaren ispiluan? Edo sexuarenean? Zer diote gutaz arkeologiak, fisiologiak, eboluzioak? Nor gara, zientziaren ikuspegitik? Elhuyar aldizkarian, artikulu dezente argitaratu dira azken urteotan, galdera horiei erantzunez. Hemen, haien hautaketa bat dago, baina askoz gehiago aurki ditzake irakurleak Elhuyar aldizkariaren orrietan eta webgunean, zientzia eta teknologiari buruzko bestelako artikulu, analisi, albiste, elkarrizketa eta eduki askorekin batera. Hain zuzen, helburu honekin sortu zen Elhuyar aldizkaria: zientzian eta teknologian gertatzen denaz informatzea, euskaraz, gizartean kultura zientifikoa bultzatzeko eta demokrazian sakontzen laguntzeko. Horretarako, jakin-mina piztea izan daiteke lehen pausoa; asmo horixe du bilduma honek".