Garbi zeukan txikitatik Iera Arrietak (Zarautz, 1979) matematika irakasten nahi zuela lan egin. Bere zaletasunaren fruitua da Maitematika bloga. Jarraitzaileek, "matematika maitatzen" ikastea du helburu, baita "matematika gure egunerokotasunera ekartzea ere".
Nola izan zenuen Maitematika bloga sortzeko ideia?
Irakasle naiz Irakasle Eskolan, Lehen Hezkuntzako irakasle izango direnen irakasle. Matematika irakasten dut, eta aspalditik nenbilen klasean ematen ditudan gauzekin eta matematikarekiko dudan ikuspegiarekin zerbait egin nahian. Jende aurrean aurkeztu nahi nuen, saltsa apur bat sortu. Azkenaldian lasaiago nabilenez denbora aldetik, animatu nintzen eta horretan nabil.
Zein da matematikarekiko duzun ikuspuntu hori?
Matematikari askotan jendeak kutsu negatiboa ematen dio. Abstraktua eta zerbait teorikoa balitz bezala ikasi dugu eskolan. Errealitatean, matematikaz inguratuta gaude. Gure egunerokotasunean erabat ezarrita daude, edozein lekutan eta edozein egoeratan topa ditzakegu. Ikasgaia eguneroko egoera horietara aplikatzen asmatu behar dugu, teoria hutsean gera ez dadin. Gainera, modu honetan ikasgaia askoz erakargarriagoa izan daitekeela uste dut.
Esango zenuke matematika irakasteko moduak gabeziak dauzkala?
Nik uste dut gaur egun asko aldatzen ari dela erakusteko modua. Eskoletan aldaketa ematen ari da, bai matematikan baita hezkuntza orokorrean ere. Poliki-poliki modu praktikoago baterantz goaz, orain proiektuka egiten dute lan umeek. Horrek laguntzen du aplikagarritasun hori erakusten.
Zuk daukazun blog hori, beraz, matematika ikasteko baino, irakasten ikasteko da.
Bai, irakasleentzako eta matematikarekin interesatuta daudenentzako da bloga. Gehiago irakasten ikasteko, ikasteko baino. Facebooken eta Twitterren ere ireki ditut Maitematika kontuak. Horietan gehiago ahalegintzen naiz buruketak jartzen, jarraitzaileek ebatzi ahal izateko. Ahalegintzen naiz modu erakargarri batean idazten, batzuetan buruketa errazak eta beste batzuetan konplikatuagoak. Helburua da familiako edo kuadrillako edozein elkarrizketetara hurbilaraztea matematika eta kutsu negatibo hori desagertzea.
Nolako harrera izan du orain arte?
Oso pozik nago, Facebooken arrakasta handia ari da edukitzen eta jarraitzaile kopuru polita daukagu.
Buruketak planteatzen ditut edozein publikorentzako, eta askok esaten didate etxean edo lagunekin komentatzen dituztela. Aurrekoan esan zidaten kuadrilla bat nire buruketa bat ebatzi nahian aritu zela, eta horixe da nire helburua, komentario horrek zoriontsu egin ninduen.
Zergatik uste duzu dela horren irakasgai gorrotatua?
Oso nabarmena izan da orain arte telebistan, hedabideetan edo marrazki bizidunetan erakutsi zaigun matematika irakaslearen irudia. Beti zaharra, erretxina eta oso itxia, itxura txarrekoa. Hori pixkanaka aldatuz doa eta horrek laguntzen du aldez aurretik ikuspegi negatibo hori ez edukitzen. Lehenengo probatu, ikusi eta orduan erabaki dezakezu gustuko duzun edo ez.
Klaseko lehen egunean beti galdetzen diet ikasleei matematikan zer moduz moldatzen ziren, eta gehiengoa segituan hasten da purrustaka: "Ni oso txarra naiz zenbakiekin!" edo "niri ez zaizkit batere gustatzen!" Kexuka hasi ohi dira ezertan hasi aurretik. Garrantzitsua da jarrera hori aldatzea, beraiek irakasle direnean eta matematika irakatsi behar dutenean gustura eman ahal izateko, eta umeei hori transmititu ahal izateko. Horixe da lortu behar duguna.
Aipatu duzun hezkuntza sistema aldaketa horrek laguntzen al du pertzepzio hori aldatzen?
Nik uste dut baietz, orain aldatzen ari da dena apurka-apurka, irakasteko modua aldatzen ari den heinean.
Zuk pasiotzat duzu matematika, ezta?
Bai. Matematikak ikasi nituen eta nire aitak ere bai. Garbi neukan matematika irakasle izan nahi nuela. Are gehiago, esango nuke zenbat eta gauza gehiago ikasi eta ulertu, orduan eta gehiago gustatzen zaidala. Horrek ematen dit gogoa besteei erakusteko, ea guztioi pixka bat gehiago gustatzen zaigun.
Irakasgai honek, gainera, badu oso alde on bat nire ustez, gainontzeko irakasgaiek ez dutena. Buruketa bat ebatzi behar duzunean, horri erantzuna topatzeko bideak jorratu behar dituzu. Burua hausten duzu, ez zaizu ondo ateratzen, baina ahalegintzen jarraitu eta, azkenean, emaitza ateratzen zaizunean, izaugarrizko asebetetzea ematen dizu. Horri heldu, eta motibazio hori nahi dut transmititu Maitematika blogaren bidez, besteek ikus dezaten matematikak zeinen politak diren.