Suhiltzaileen "zerbitzua indartzeko" eta "lanpostu berriak sortzeko" mozioa aurkeztuko du EH Bilduk

Suhiltzaileen "zerbitzua indartzeko" eta "lanpostu berriak sortzeko" mozioa aurkeztuko du EH Bilduk

Gipuzkoako suhiltzaileen lan poltsa "hutsik" dagoela eta gutxieneko txandak ez direla bermatzen salatu du koalizioak. Zarauzko parke-etxean lau suhiltzaileren artean betetzen dute gutxieneko zaintza zerbitzua, eta egoerarekin "kezkatuta" ageri dira.

Zarauzko EH Bilduk Gipuzkoako suhiltzaileen "zerbitzua indartzeko" eta "lanpostu berriak sortzeko" mozioa aurkeztuko du Zarauzko Udalean, urtarrileko ohiko udalbatzarrean. Behin-behineko adierazpenen arabera, mozioa onartuko balitz, Zarauzko Udalak honakoa eskatuko lioke Gipuzkoako Foru Aldundiari: "Gipuzkoa 20_30 planaren garapenerako bidean, datorren urtean 48 suhiltzaile lanpostu berri sortzeko, parke etxe guztietan gutxienez 5 suhiltzaileen txandak bermatzeko".

Izan ere, Gipuzkoako EH Bilduk adierazi duenez, Gipuzkoako suhiltzaileen lan poltsa "hutsik" dago eta ez dira gutxieneko txandak bermatzen. Gutxieneko txandak bermatu ahal izateko, bajak ordezkatu ahal izateko eta suhiltzaileen lan baldintzak hobetzeko, "ezinbestekoa" da lanpostu berrien sorrera, gehitu dute.

Une honetan, 204 funtzionario daude Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaile zerbitzuan, eta langile horiek osatzen dituzte 8 parke-etxeetako eguneroko txandak. Azpeitiko, Eibarko, Legazpiko, Oñatiko, Ordiziko, Tolosako eta Zarauzko parke-etxeetan 4 suhiltzaileko txandak izaten dira, eta Irunen, aldiz, 6 suhiltzailekoak. Aldundiko barne araudiaren arabera, txanda horiek "segurtasuna eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko" gutxieneko txandak dira.

EH Bilduren esanetan, ekainaren 13an Gipuzkoa 20_30 plana onartu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Horrekin batera, 19 mozio ere ontzat hartu zituzten, tartean, "planaren garapenerako urteko ekintza planak egitea eskatzen zuena eta suhiltzaileen lan baldintzak hobetzeko, lanpostu berriak sortzekoa". Modu horretan, txanda guztiak 6 suhiltzailekoak izatea lortu nahi zuten, gutxieneko langa, 4 langilekoa, gaindituz. "Batzar Nagusietako ebazpen hori betetzeko, 84 suhiltzaile plaza berri sortu behar dira eta horretarako konpromisoa, plana, kronograma eta baliabideak beharrezkoak dira".

Lan poltsa hutsik

Dena den, EH Bilduk salatu du ez dela "urratsik egin" onartutako plana eta mozioak egikaritzeko. "2019ko aurrekontu proiektuan ez dago ezer jasota". Egoerak "okerrera" egin duelakoan daude; "Gipuzkoan arlo honetan arazo larria dago". Une honetan, suhiltzaileak ordezkatzeko lan poltsa "hutsik" dagoela azaldu du EHBilduk; "ordezkatze zerrenda agortuta dago". Gutxieneko txandak bete ahal izateko, suhiltzaileek bajak estali behar izaten dituzte, bat-bateko bajak estaltzeko dituzten 24 orduko poltsen bidez. Programatutako bajak ere bat-bateko bajak estaltzeko poltsen bidez estali behar izaten dituzte. Gauzak honela, gaur egun, 24 orduko poltsa "agortu" dute jada suhiltzaile gehienek.

Azken hiletako gertakariak testuinguru honetan kokatu ditu EHBilduk. Gutxieneko txandak osatu gabe gelditu dira zenbait parke-etxetan; eta Legazpiko parkearen kasuan, abenduan aldundiak itxi egin behar izan zuen 24 orduz, "suhiltzaile nahikorik ez zegoelako". Gertakari hauek "egoeraren larritasun maila altuaren adierazleak" direla salatu du EH Bilduk.

Zarauzko parke-etxearen kasuan, "larri" betetzen dituzte gutxieneko txandak. Lau suhiltzaile dira bertan, 24 orduko zaintza zerbitzuan. Zarauzko EH Bilduko ordezkariei adierazi dietenez, "oso justu" aritzen dira txandak betetzeko eta zenbait egoeratan zerbitzua emateko, egoera "larrietan" batez ere. "Kezkatuta" agertu dira, ez beren lan baldintzekin soilik; beren lana modu "egokian" eta "eraginkorrean" egin ahal izateko baldintzei buruz hitz egin dute gehienbat. Gipuzkoako zenbait suhiltzailek protesta ekintzak abiatu dituzte jada.

Zarauzko EH Bilduk urtarrilean aurkeztuko duen mozioan aurreikusten diren neurriekin, hau da, 48 lanpostu berriren sorrerarekin, parke-etxe guztietan gutxienez 5 suhiltzaileko txandak bermatzea lortu nahi du koalizioak. Gipuzkoa 20_30 planak gutxienez 6 suhiltzailekoa izatea aurreikusi bazuen ere, oraindik plana egikaritu ez denez, 5 langileko minimoa "premiaz" bermatu behar dela iritzi du EH Bilduk.