zarauzkohitza.eus

J. M. Olaizola ‘Txiliku’ ‘Puntuka’: ‘Aldrebeskeriak’

Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2019-01-10 15:43   gizartea

Mundua mundu denetik ba omen dira aldrebeskeriak. Hala zioten lehengoek, eta hala esanez jarraitu beharko dugu geuk ere, gauzak ez baitira gehiegi aldatu, horretan behintzat.

Aldrebeskeria batzuk ohitura bihurtu zaizkigu. Ilbeltzaren erdi aldera iritsi gabe gaudenez, gogoratzekoa da nola hasten dugun urte berria Hego Euskal Herri espainiartuan: dozena mahats-ale irentsi ezinik, ito beharrean, gauerdiko hamabi kanpai-kolpeak jo bitartean.

Madrilen hasitako kontua behar du izan mahatsena, eta alkateari aurka egiteko modu bat, gainera. Urte hasierako gehiegikeriak saihesteko kalean festa egiten zuen jendeak kuota ordaindu beharko zuela agindu omen zuen Jose Abascal alkateak XIX. mendearen amai aldera. Jendearen erantzuna gauerdian kalean mahatsak jatea izan zen, beren etxeetan mahatsa jan eta xanpaina edanez urteari harrera ona egiten zioten aberatsei iseka eginez.

Gero, urte batean (1909 omen zen), mahats gehiegi gertatu Alacant aldean, eta sekulako propaganda egin omen zuten leku guztietara zabaltzeko mahatsen ohitura. Mahatsen aldrebeskeria ohitura bilakatu.

Badira aldrebeskeria gehiago ere. Esaterako, Urteberri eguna mendi-tontorrean hastea. Edota mendira korrika igo eta handik korrika jaistea, itsu-itsuan, herio batean, bazterrei begiratzeko denborarik hartu gabe. Gero eta arruntagoa egiten ari den aldrebeskeria, azkeneko hori.

Apaindu egin daitezke aldrebeskeriak. Lehengo batean mendian behera ziztu bizian bi lagun ikusi genituen lau gurpil zabaleko ibilgailu batean. Aurretik zortzi-bederatzi zakur zihoazen eginahaletan gurdi hari tiraka, lokatzez ipurtzuloraino beteta.

Eta hori ez da asko. Aldrebeskeriek ez dute neurririk. Irakurri berri dut txokolatezko bonboi urreztatuak asmatu dituela gozogile batek. Bonboiekin batera jaten da urrea. Badira edariak ere (ardoa, xanpaina…) urre zatitxo txikiak dituztenak likidoan dantzan. Zertarako? Gure gorputzek ez dute ahalmenik urrea asimilatzeko. Harrokeria hutsez? Luxua eta sofistikazioa erakusteko? Urrea bada horren adierazgarri, jakin beza urrea jan edo edaten duenak, zuzenean gorotzetara doala metal preziatua. Kaka de luxe.

Xenpelarren garaian baziren bi bertsolari-usteko, Juxto eta Lonjinos deituak, aldrebeskeriak kantatu eta jendeari barrea eragiten ziotenak. Behin batean apustua egin omen zuten Juxtok eta Xenpelarrek ea zeinek bota aldrebeskeria handiagoak. Hasi ziren, eta Xenpelarrek taxuzko bertsoak egiten omen zituen okerkeriak esaten zebilenean ere. Bertso horiek modu askotan etorri dira guregana ahoz aho eta belarriz belarri bidaia egin ondoren; hau da aldaera bat:

Hara nora joan ziren hamalau nobio,
zortzi mediku eta lau botikario.
Zazpi kintalekoak zortzi armario
gizon batek “a pultso” bizkarrera igo.

Lau arrautza zituen, zazpi talo jaki,
txantxangorri batenak sei libra tripaki.
Baheak irina eho, errotak eraulki
ganibetak erre ta labeak ebaki.

Itsasoan ari dira arbolak aldatzen,
itsuak ikusi du etxea erretzen;
mutua, berriz, ari da jendeari deitzen,
hankamotzak badaki bidea korritzen.

Gizon bat ikusi dut hirurehun urtetan
marinel dabilela ontziko soketan,
zapatorde txalupak zeduzkan oinetan
haren aitona, berriz, itsasoa urketan.

Xenpelarren bertsoak onegiak ziren gauza aldrebesak asmatzen jarrita ere, eta Juxtok irabazi zuen apustua. Aldrebeskeriak zeharo aldrebes esateko zeharo aldrebesa izan behar!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa