Gutuna: Hotz Zarautzek eskertza mezua argitaratu du

Gabonetan antolatutako Bigarren Eskuko Azokaren arrakastaren harira, Hotz Zarautzek eskerrak eman dizkie bertan parte hartu zuten guztiei. 28.000 euro bildu dituzte aurten, eta diru guztia pertsona errefuxiatuak laguntzeko lanean diharduten erakundeen proiektuetara bideratuko dute. Hona hemen Hotz Zarautzen eskertza gutuna osorik.

Eskertza Hotz Zarautz erakundetik

"Hotz Zarautz erakundetik gure eskerrik beroena helarazi nahi dizuegu, abenduaren 15etik urtarrilaren 5era bitartean antolatu genuen Bigarren Eskuko Gabonetako II. Azokan parte hartu zenuten boluntario, diru emale eta merkatariei, pertsona errefuxiatuen proiektuak bultzatzerako orduan, azaldu diguzuen maitasunagatik, berotasunagatik eta elkartasunagatik.

Aurtengo azoka ere oso arrakastatsua izan da. 28.000 euro lortu ditugu bertan, eta diru hau guztia pertsona errefuxiatuak laguntzeko lanean diharduten erakunde hauen proiektuetara bideratuko dugu: Zaporeak, Itsas Salbamentu Maritimoa, En Red SOS Refugiados eta Cafe-RITS.

Hori dela eta, Hotz Zarautz erakundetik orain arte egindako ekintza solidario eta eskuzabalekin jarraitzera animatzen zaituztegu, eta etorkizunean bestelako ekitaldi eta ekintzetan ere zuen laguntza izatea estimatuko genuke.

Besterik gabe, berriro ere gure esker ona azaldu nahi dizuegu. Har ezazue besarkada bero bat."