'Dantza'ren filmaketari buruzko argazki erakusketa inauguratuko dute gaur

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 11a, 14:30
20 irudi bildu ditu Xabier Artolak. (Txintxua Films)

Xabier Artolak Dantzaren filmaketan ateratako argazkiak bildu eta Kameren aurrean dantzari: 'Dantza' filmeko argazki sorta bat erakusketa sortu du. Donostian izango da ikusgai, otsailaren 6ra arte.

Abenduaren 21ean estreinatu zuten Telmo Esnal zarauztarraren Dantza filma. Txintxua Films arduratu da ikus-entzunezko lanaren ekoizpenaz, eta "tradizioari, lurrari, lurreko jendeari, mitoei eta ohiturei egindako abesti poetiko bat" dela azaldu dute.

Gaur, ostirala, Zumaiako Aita Mari zineman estreinatuko dute filma, 22:15ean. Larunbatean, igandean eta astelehenean ikusteko aukera ere izango da: larunbatean 19:30ean eta 22:15ean emango dute, igandean 19:30ean, eta astelehenean 19:30ean.

Xabier Artola argazkilari donostiarrak Dantzaren filmaketan ateratako zenbait argazki bildu eta Kameren aurrean dantzari: 'Dantza' filmeko argazki sorta bat erakusketa sortu berri du. Gaur inauguratuko dute emaitza, Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen eraikinean (San Juan kalea, 27, Donostia).

20:00etan izango da irekiera ekitaldia. Xabier Artola argazkilaria, Telmo Esnal filmaren zuzendaria, Juan Antonio Urbeltz filmaren koreografoa eta Koldobika Jauregi artista bertaratuko dira, eta baita Dantzan ageri diren zenbait dantzari ere.

Argazki erakusketa otsailaren 6ra arte izango da ikusgai. Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen eraikina astelehenetik larunbatera izango da irekita; astelehenetik ostiralera 17:00etatik 21:00etara, eta larunbatetan, 17:00etatik 20:00etara. 20 irudiz osatutako bilduma da.