Zarauzko Neguetxearen itxierari "berehalako erantzuna" emateko eskatu du EH Bilduk

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 11a, 20:00
Aurten ez dute Neguetxea ireki. (Zarauzko Udala)

Etxerik ez dutenentzat aterpea zabaldu izan dute azken urteetan Monte Albertia ondoko Etxe Txikian, neguan gaua bertan pasatu ahal izateko. Ordea, toki hori Monte Albertia ikastetxekoek erabiltzeko izango da aurrerantzean, eta aurten ez dute zabaldu Neguetxea. Gaiak hautsak harrotu ditu azkenaldian, eta EH Bilduk honako oharra argitaratu du gaur.

Neguetxearen itxieraren harira, EH Bilduren oharra

Egunotako tenperaturak are latzago egingo ditu aterperik ez dutenen bizi baldintzak eta Zarauzko Neguetxea ez irekitzea benetan larria dela uste du EH Bilduk. Negu gorrian horrelako erabaki bat ez aurreikusteak udal gobernuaren prebisio falta eta arduragabekeria izugarria uzten du agerian.

Horregatik, EH Bilduk egoera horri berehalako erantzun bat emateko eskatzen dio EAJ-PSEri. Udal eraikinetan zerbitzu hori emateko gaitasunik ez badu, herriaren erdi-erdian hutsik dagoen Santa Klara komentuan behin-behineko aterpe bat eskaintzeko aukera lantzeko eta negoziatzeko proposatzen du EH Bilduk.