Publikoaren saria jaso du 'Lou' dokumentalak Dock of the Bay jaialdian

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 13a, 12:17
Barrio, Garin eta Lopetegi, atzo saria eskuetan (Argazkia: Lou Dokumentala facebook)

"Emoziotik egindako dokumentala da, eta uste dugu publikoarengana iritsi egin dela hori" eta horregatik saritu zituztela atzo, larunbata, Donostian. Hala azaldu dute Andrea Lopetegi eta Usua Garin egileek gaur Euskadi Irratiako Amarauna saioan.

Ez zuten espero saririk eskuratzerik Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdian, irratian Usua Garinek eta Andrea Lopetegik aitortu dutenez. Atzo publikoaren saria jaso zuten, eta pozarren dira egileak. Izotz Barriok eta hirurek egin dute Lou Olangua zenari buruzko dokumentala, eta azpimarratu dute "emoziotik" egindako lan bat izan dela, eta antza, ikusleek ere nabaritu dutela hori.

Euskadi Irratiako Amarauna saioan hitz egin dute gaur Garinek eta Lopetegik. Dokumentala estrenatu zuten uneaz ere aritu dira. "Tentsioan" egon ziren hiru egileak, beraientzat oso garrantzitsua zelako ikusleen erreakzioa, Louren familia eta lagunak baitzeuden. Baina emanaldiaren ostean erlaxatzen hasi zirela azaldu dute, "Louren familiak eta lagunek besarkadak eman zizkigutelako eta lortu genuelako Lou zena erakustea dokumentalean".

Esan dute "hunkituta" gelditu zirela emanaldi haren ostean, "ezagunak eta ezezagunak gerturatu zitzaizkigulako eskerrak ematera eta besarkatzera".

Barre algarak zinema aretoan

Amarauna-ko esatariek gogorarazi dute hainbat musikarik hartu dutela parte dokumentalean, Louz hizketan. Eta galdetu diete ea baduten pasarte kutunen bat. Segituan aukeratu dute bat: "Dokumentaleko une batean Mikel Kazalisek [Anestesia] esaten du Louri ez zitzaiola gustatzen bere benetako adina esatea, eta dokumentala estrenatu genuenean, zineman barre algarak entzun ziren une horretan".

Lan osoa kontatzerik nahi ez duten arren, jakinarazi dute dokumentala ez dela kronologikoa, eta ez dela amaitzen Louren heriotzarekin; amaiera irekia duela aurreratu dute. "Louk gurekin jarraitzen du, bere musikak hemen jarraitzen du; irratian-eta inoiz baino gehiago ari gara entzuten OK Korral [Louren taldea]", zehaztu dute egileek.

Eta, gaineratu dutenez, "hori da lan honen gauza politenetako bat". Alegia, haren musika entzutea eta haren lagunak elkartzea garai haiek gogoratuz.