Izeta IV.ak onartu du Goikoetxek botatako erronka

Izeta IV.ak onartu du Goikoetxek botatako erronka
Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV.'a

Atzo, larunbata, itxi zuten erronkarako tratua Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Imanol Albizu Goikoetxe harri-jasotzaileek Azpeitiko Mendizabal erretegian. Goikoetxek bota zion erronka, eta akordiora iritsi ziren. Maiatzaren 4an neurtuko dituzte indarrak.

Maiatzaren 4an Azpeitiko zezen plazan egingo dute desafioa Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Imanol Albizu Goikoetxe harri-jasotzaileek.

Desafioan 125 kiloko kubikoarekin hamar minutuko hiru txanda egitea proposatu zion Goikoetxek Izeta IV.ari, eta halaxe egingo dute; izan ere, bi kirolariek ez zuten lan handirik izan atzokoan desafioa adosteko Azpeitian Mendizabalen izandako hitzorduan.

Elgoibarko harri-jasotzaileak urtarrilaren 6an bota zion erronka zarauztarrari, Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia kirol saioan. Goikoetxek apirilean nahi zuen apustua egitea, baina maiatzean egitea adostu zuten atzo.