Gizontasunari buruz hausnartzeko jardunaldiak antolatu dituzte

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 14a, 10:30
Toka gizon taldeko kideak Zarauzko gizonei bideratutako lantegiaren inguruan hausnartzen, abenduan. (Parekidetasun saila)

Otsailetik apirilera bitartean, sei saio egingo dituzte, "berdintasuna" lortze bidean gizonek egin dezaketen "ekarpena" zein izan daitekeen eztabaidatzeko. Izen-ematea ireki dute jada.

"Gizonen sentsibilizazioari bultzada bat emateko asmoz", Zarauzko Udalak eta Toka gizon taldeak zenbait egitasmo iragarri zituzten urrian. Azaroaren 10ean "hezitzaileek beren lanean mutilekin dituzten harremanez eta eskaintzen diren ereduez" gogoeta egiteko ikastaroa egin zuten, eta Modelo aretoa irekitzean, "berdintasunaren aldeko lanean gizonen parte hartzea sustatzeko eta hausnarketa egiteko" zineforuma abiatuko dutela ere jakinarazi zuten.

Bestalde, gizontasunaren inguruan hausnartzeko jardunaldiak antolatu dituztela iragarri dute orain, "berdintasuna" lortze bidean gizonek egin dezaketen "ekarpena" zein izan daitekeen eztabaidatzeko eta lantzeko: "gure gizontasun osoa berreskuratzea da gizonok berdintasunerantz egin dezakegun ekarpenik handiena", adierazi dute. Beraz, gai hau izango dute hizpide otsailetik apirilera bitartean burutuko dituzten jardunaldietan.

Sei saio egingo dituzte; otsailaren 7an, 14an eta 28an, martxoaren 14an eta 28an, eta apirilaren 4an. 18:00etatik 20:30era izango dira saio guztiak, Gaztelekuko 3. solairuan. Toka gizon taldeko kideek hartuko dituzte bideratzaile lanak.

Izen-ematea ireki dute jada, eta e-mail bidez egin daiteke, tokagizontaldea@gmail.com helbidera mezu bat igorrita. Otsailaren 5ean itxiko dute epea, eta parte hartzaileek 15 euro ordaindu beharko dituzte matrikula egiteko.