EAJ-k "datorren hamarkadako erronkei aurre egiteko" prozesu parte-hartzailea jarri du martxan

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 14a, 10:49

Zarautz-Ekin dinamika aurkeztu du Zarauzko EAJ alderdiak. Hiru lan lerro izango ditu ekimen parte hartzaileak,  eta haien helburua "datorren hamarkadako erronkei aurre egitea" izango da, "guztion artean gure herriaren etorkizuna diseinatzeko".

Zarauzko EAJ-k Zarautz-Ekin dinamika aurkeztu zuen ostegun arratsaldean. Ekimen honen bidez hiru lan talde jarriko ditu martxan alderdiak, zarauztar guztiei irekiak, Zarautzen etorkizuneko ideia eta proposamen nagusiak landu eta adosteko helburuarekin. Proposamen hauek datozen udal hauteskundeetan jeltzaleek aurkeztuko duten programan jasoko dituzte, zuzenean. Xabier Txurruka alkateak, aurkezpenean jakitera eman zuenez, "zarauztar guztiek partekatutako proiektu honetan parte hartzea nahi dugu. Proiektu serio eta errealista izango da, eta kontuan izango ditu Zarauzko behar nagusiak".

Epe luzera

Txurrukak azaldu du prozesu hau "epe luzera begirakoa eta kutsu elektoralistarik gabekoa" dela. "Sarritan herritarrez lau urtean behin gogoratzen garela leporatzen digute alderdi politikoei". EAJ "legealdi osoan zehar intentsitate berdinarekin, programan jasotako konpromiso gehienak betez" lanean ari dela azaldu du Txurrukak, eta borobildu du esanez, "2030 urteko Zarautz datozen bost urteetan eratuko dela; guztion artean, etorkizuna nola eta zeren inguruan eraikin nahi dugun definitzeko unea iritsi da".

Horretarako, hiru arlo ezberdin landuz antolatuko da Zarautz-Ekin: Gizarte Ongizatea eta Ekonomia, Herritarrak eta Lurralde antolamendua. Arduradunak, hurrenez hurren, Xabier Txurruka, Leire Arana eta Iban San Martin izango dira. Arduradun bakoitzak ekarpen eta proposamenak jaso eta landuko dituen pertsona talde bat dinamizatuko du.

Prozesu irekia

Txurrukak zarauztar guztiak gonbidatu ditu ekimenean parte hartzera, lan taldeen bileretara azalduz edota proposamen eta ideiak zarautzekin@gmail.com helbide elektronikora bidaliz. "Prozesu irekia dela nabarmendu nahiko genuke. Gure helburua gertukoa eta gardena izango den politika egitea da. Herritarrak kudeaketa publikoan inplikatzea eta udal politikan modu aktiboan parte-hartzea sustatzea dugun erronka handienetako bat dela uste dugu".

Gizarte Ongizatea eta Ekonomia atalak landuko ditu jarduera ekonomikoaren sustapena, langabezian dauden pertsonen kopntrataziorako eta formakuntzarako babesa, eta industriaren, komertzioaren eta baserritarren sustapena, besteak beste. EAJ-k jakinarazi duenez, alderdiaren lehentasun nagusiena da "beharra duten pertsonen behar sozialei aurre egitea". Horretarako, arlo honek Xabier Txurruka alkatea bera izango du buru.

Herritarrak arloan euskara eta kulturarekin, kirol praktika eta instalakuntzekin, gazteriarekin edota jai eta ekitaldien antolakuntzarekin lotutako proiektu ezberdinak landuko dira. Udaletxe "ireki, bizkor eta eraginkor" bat finkatzea, edo herritarrenganako arreta eta diru-laguntzen kudeaketa hobetzea izango dira egun EAJ-ren komunikazio arduraduna den Leire Aranak gidatuko duen taldearen lerroetako batzuk.

Lurralde Antolamendua arloak egungo Obra eat Zerbitzu zinegotzia, Iban San Martin, izango du buru. Bere taldearen helburua izango da lantzea bizi kalitatea eta azpiegitura estrategikoen garapena eta instalakuntza eta ekipamenduen hobekuntza. Baita aparkalekuak, ingurumena eta garbiketa ere.